Goierriko 90 odol emaileri aitortza egingo die Odol Emaileen Elkarteak
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen 60 urteetan, 120.000 pertsonak baino gehiagok 1.300.000 dohaintza baino gehiago egin dituzte. Odola emateak duen garrantzia nabarmendu dute.
Gipuzkoako odol emaileei aitortza egingo die Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, hurrengo egun eta asteetan, ordezkaritza desberdinek antolatu dituzten ekitaldietan. 2023. urteko intsigniak banatuko dizkiete.
Goierrin, 90 odol emailek jasoko dute domina: 25 aldiz odola eman duten gizon eta emakumeak, 49 dira; 40 aldiz eman duten emakumeak, 9; 50 aldiz eman duten gizonak,11; 60 aldiz eman duten emakumeak, 4; 75 aldiz eman duten gizonak, 8; 80 aldiz eman duten emakumeak, 5; eta 100 aldiz eman duten gizonak, 2. Azken horiek, Zumarragarra da bata eta legazpiarra bestea.
Zegaman dagoeneko egin dute ekitaldia, abenduaren 7an egin zuten. Ormaiztegin gaur egingo dute, Beasainen larunbatean eta Idiazabalen igandean. Lazkaon, Urretxu eta Zumarragan, Ordizian eta Ataunen, urtarrilean egingo dituzte ekitaldiak.
60 urte
«Sorreratik, 1964 urtetik, aldaketa handiak» izan direla nabarmendu du Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakariak. «Lehen, familia artekoa edo ordaindua izaten zen dohaintza; orain, berriz, borondatezkoa da, anonimoa, altruista eta arduratsua».
Gertatu den aldaketaz jabetzeko, hainbat datu luzatu ditu Urzelaik. Aurreneko urtean, «200 dohaintza» egin ziren, eta orain, «urtean 30.000 inguru dohaintza» egiten dira. 60 urte hauetan, «1.300.000 dohaintza baino gehiago» lortu dira, eta «120.000 pertsonak baino gehiagok» parte hartu dute.
Aurrerantzean ere, lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak. Bide horretan, belaunaldien arteko ordezkapena landuko dute, elkartearen jarraipena bermatze aldera, eta pauso garrantzitsuak emango dituzte sistema digitalizatzeko, odola emateko hitzordua hartzeko eta osasun elkarrizketak arintzeko.
Eskertza
Pertsona hauek guztiak egin duten ekarpenagatik, «eskerrak» eman ditu Gipuzkoako Odol Emaileen lehendakariak, eta «bidea batera egiten jarraitzera animatu» ditu. Odol emaile berriei ere luzatu die gonbita. «Berebiziko garrantzia duelako odola emateak».