«Etorkizuneko zaintza-beharra neurtu eta planifikatuko dugu»
Agintaldirako erronka nagusietako bat helduen, haurren nahiz menpekotasuna duten pertsonen zaintzaren gaia izango dela aurreratu du Ioritz Berra alkateak (Donostia, 1984).
Berria da zuretzat udalgintza?
Lanbidez landa garapen elkarteko teknikari izanda, administrazio kontuetan eta burokrazian esperientzia pixka bat badut, eta horrek laguntzen du. Tamaina txikiko udalek diru laguntza bidez egin behar izaten ditugu gauza gehienak, eta paperak egiteko-eta shock ikaragarririk ez dit sortzen.
Herria ere nahiko berria duzu.
Bai, zortzi urte egin ditut Zaldibian. Ondo hartua izan naiz beti, eta egindako aldaketarekin oso gustura nago, egia esan.
Donostiatik herri txikira etorrita, alkategai proposamena sorpresaz hartu zenuen?
Gehiago izan zen udal taldean sartzeko proposamena, eta horri baiezkoa zalantzarik gabe eman nion. Baina, gero, ‘alkate zergatik ez’ esan zidatenean, hortxe zalantza gehiago. Pentsatzen nuen hobe zela legegintzaldi bat zinegotzi egitea, baina beno. Ausartu, eta gogoz nago. %100ean liberatuta nago, eta eskerrak. Egunerokoak asko jaten du.
Nola aurkitu duzu udala?
Ondo. Lantalde ona dago. 14 langile daude, denak ez jardun osoan. Aldaketa bat egin dugu: orain arte arkitektoa aholkulari eran izan da, eta 2024tik plantillako kide izango da. Ekonomikoki udala ondo dago, eraikin berriaren mailegua eta interesen igoera du. Bestela, arazorik gabe.
Udal langileak udalarenak bereak izateko apustuarekin jarraituko duzue?
Bai. Apustua da, eta horrekin segituko dugu. Etxez etxeko zerbitzua udaletik eramaten den azken mohikanoetakoak gara. Hori indartu nahi dugu, eta ikusten ari gara nola iritsi erabiltzaile gehiagorengana, ea ba ote den baliabiderik, indarrik, eraikinik beharko ote den. Zaintzari beste buelta bat eman nahi diogu.
Zer duzue buruan?
Begiz jota badauzkagu eraikin batzuk, batez ere helduen zaintzari begira. Lokal bat, agian, jubilatuak biltzeko eta lasaiago egoteko eremu gisa; beste herri batzuetako ereduak ikusten ari gara. Berdin gaztetxoekin eta haurrekin, gazte lokal edo gazte-leku estiloan, dinamizatzaileren batekin. Bi fronte horiek ditugu, helduak eta haurrak. Menpekotasuna dutenei eta laguntza behar dutenei, herrian zer eman dakiekeen aztertu nahi dugu.
Premia gora doa hemen ere?
Bai, geroz eta heldu gehiago dago. Oraindik, etxeetan senide asko direnean, askotan beraien artean zaintzen dute elkar, baina urte gutxian buelta handia emango du horrek. Ez dakigu noiz, baina aldaketa emango da, eta garaiz erantzun nahi diogu. Epe luzerako lanketa denez, jada hasi nahi dugu 2030, 2035 edo 2040an eduki beharko genukeen zaintza eredua eraikitzen edo planifikatzen. Etorkizuneko beharrak neurtu, eta erantzuna emateko azpiegiturak eta baliabideak planifikatu nahi ditugu legegintzaldi honetan. Ez gaitezela itota gera baliabiderik ez edukitzeagatik, ezer egin ezinik.
Agintaldiko erronketako bat zaintza izango da, beraz?
Bai. Agian legegintzaldi honetan ez da hainbesteko aldaketarik izango, baina etorriko da, eta orain egiten ez dena, gero ekiteko beranduegi izan liteke. Pixkanaka hasi nahi dugu.
Zaldibiak Gipuzkoako etorkin tasa altuenetakoa du. Arlo hori lantzen segitu beharko da, ala?
Bai, Ordiziarekin batera. Horrek aurrera segituko du. Batzuetan kostatu zaigu, harremana ez delako guztiz erraza izaten, baina guk ateak irekita dauzkagu beti. Eskola da ezinbesteko eragilea kasu horretan, hurbilketarako eta kulturartekotasunean.
«Plazaren eraberritzea mugikortasun planarekin uztartu nahi dugu»
«Bidegorria ezinbestekoa ikusten dugu; distantzia egingarria da, ingurunea laua…»
«Goizaneko taberna urte hasierarekin batera irekiko da berriz»
Integrazio maila nolakoa da?
Ez dago arazorik. Egia esan, ez dugu analisirik egin zergatik den tasa horren altua hemen; seguru asko, Ordiziaren gertutasunagatik. Baina herriak natural hartu du. Komunitate batzuek harreman gehiago dute bertakoekin, eta kultura zenbat eta ezberdinagoa izan, urrunago geratzen dira. Arazorik ez da sortu, baina igual nahi adinako harremanik ere ez batzuekin, eta ikusten da ez dugula lortzen kultura edo jatorri guzti-guztietara iristea. Segitzeko asmotan gaude.
Plazaren eraberritze hausnarketa bukatu da. Orain, zer?
Orain hori egikaritzea dagokigu, ahal dena auzolan moduan eginda. Plaza oso gauza zentrala da, eta horrek ere laguntzera etortzeko eta proposamenak egiteko aukera gehiago ematen du.
Zer egin nahi duzue?
Plazaren eraberritzea mugikortasun jasangarriko planarekin uztartu nahi dugu, trafikoa murriztu, trantsitua gutxitu, erdi peatonalizatu, eta ume zein gazteentzako zonalde irekiagoa gera dadin, eta helduak ere lasaiago ibil daitezen. Mugikortasun plana bulego batek aztertu du –aukera bat baino gehiago planteatu dituzte–, eta proposamena urte hasieran egingo du.Ea jendeak gero zer iritzi azaltzen duen.
Ordiziarako bidegorria aldarrikapen zaharra da. Zertan da?
Ordiziako Udalarekin, Diputazioarekin eta mugikortasun plana egin duen bulegoarekin bildu gara, bere garaian egin zen proiektuari berrekiteko asmoz. 2011ko proiektua jada oso zahar geratu da –2014an berrikusi zuten–, eta ia osorik berriz egin beharra dago, prezioak-eta aldatu direlako. Aldundiak borondatea erakutsi du, eta proiektuaren idazketa 2024an bertan egitea espero dugu; gero, eraikuntza, ikusiko dugu, Diputazioaren esku geratuko da. Bidegorri hori ezinbestekoa ikusten dugu; distantzia egingarria da, ingurunea laua… Ez da ulertzen zergatik dagoen oraindik egin gabe.
Goizanerako ba al dago bestelako proiekturen bat?
Eraldaketa gunea herrenka dabil beti. Sagar kanpainan oso ondo funtzionatzen du, zukua egiteko; Gipuzkoan ez dago horrelakorik besterik, eta jendea kanpotik etortzen da. Uztaola elkarte kudeatzailea ari da beste produktu batzuk eraldatzeko bideak ireki nahian, fruta-pureak edo marmeladak, esaterako. Eraldaketan pentsatuz, ekoizpena bideratzeko bide batzuk ireki ditzake. Taberna urte hasierarekin batera irekiko da berriz. Herriko bikote batek hartuko du, lehengo antzeko perspektibarekin. Ea berriz ere eremu horri beste bizi bat ematen dion.