Itsasoko Ostatua ustiatzeko kontratua luzatu egin dute aldeek
2025eko uztailera arte luzatu dute akordioa. Ordutegian egin dituzte aldaketak. Eguneko menuaren prezioa 15 eurokoa izango da, edaria barne.
Itsasoko Udalak ostatuaren ustiapenerako kontatua berritu du, 2025eko uztailera arte. Aldaketa nagusienak ordutegian izango dira.
Neguko ordutegian, urriko ordu aldaketatik martxoko ordu aldaketara arte, astelehen, ostegun eta igandeetan 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik; ostiral eta larunbatetan 10:00etatik afariak bukatu arte; eta astearteak eta asteazkenak atseden egunak izango dira.
Udako ordutegian, martxoko ordu aldaketatik urriko ordu aldaketara arte, astelehen, astearte, ostegun eta igandeetan 10:00etatik 21:00etara egongo da zabalik; ostiral eta larunbatetan, 10:00etatik afariak bukatu arte; eta soilik asteazkenak izango dira atseden egunak.
Jai egunetan eta jai hauen bezperetan ostatua zabalik egongo da, edozein egun dela ere, eta afari zerbitzua eskainiko du. Deskantsu egunak beste lanegun batzuengatik aldatuko dira.
Eguneko menuaren prezioa ere egokitu egin dute. Aurrerantzean 15 euro balioko du, etxeko ardoa, ura eta sagardoa barne. Kafeak, aparte. Egunero eskaintza desberdina izango da. Karta aukera ere egongo da.