Kirolari onenei sariak
Udalak Ordiziako kirolari onenen lana aitortuko du aurten ere. Lau sailkapen egongo dira: kirolarien saria, elkarteen saria eta esker oneko saria, batetik, eta herritarren saria, bestetik. Herritarrek bihartik bozkatu dezakete.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/12/img_8832-1200x900.jpg)
Ordiziako Udalak herriko kirolarien lana aitortzeko Ordizia Kirol Sariak sari banaketa antolatu du aurten ere. Iaz jarri zuten martxan egitasmoa. Helburua Ordizian kirolak duen presentzia aitortzea da, bertako kirolarien bidez. Gaur aurkeztu dute udaleko ordezkariek sariketa.
Jon Ander Caballero kirol zinegotziak azaldu duenez, «esker ona adierazi» nahi diete kirolariei: «Kirol aniztasun handia izateaz gain, puntako mailako kirolariak ditugu eta urte bikaina osatu dute», nabarmendu du. Lau sailkapen egongo dira: kirolarien saria, izan duten ibilbidearengatik; elkarteen saria, azken urtean egindako lanarengatik; esker oneko saria, Ordizian kirolari egindako ekarpenarengatik; eta herritarren saria.
Bozka sareetan
Lehenengo hirurak erabakitzeko balorazio batzordea osatu du udalak, herriko kirol elkarteetako ordezkariekin eta kirol zinegotzi eta teknikariekin. Herritarren saria, berriz, herritarrek aukeratuko dute. Udaleko sare sozialetan (Instagram, Facebook, Twitter) zabalduko dute epea bihar, eta asteartera arte bozkatu ahal izango da. Whatsapp bidez ere (688 75 26 47) eman daiteke botoa. Sari banaketa abenduaren 30ean egingo da, Plaza Nagusian, 12:00etan.
Hautagaiak
Zazpi hautagai daude herritarren sarirako:
- Lide Urrestarazu (mendi korrikalaria, Camille Extreme probaren irabazlea).
- Asier Alvarez de Eulate (errugbilaria, Ohorezko Mailan 300 partidatik gora).
- Ane Gonzalez (urpeko igerilaria, Espainiako errekor absolutua 100 metro azaleran).
- Irenia Apaolaza (atleta, Espainiako txapeldunordea 23 urtez azpiko 200 metroko proban pista estalian).
- Danel Perez (atleta, pista estaliko altuera jauziko 20 urtez azpiko Espainiako txapeldunordea).
- Ane Torres (atleta, Espainiako pisu jaurtiketa libre absolutuan hirugarren).
- Hodei Caballero (atleta, 23 urtez azpiko Euskadiko errekorra 20 km. martxan).