Ordizia Orkli eta BKL Oriaren arteko junior derbian, Euskal Liga jokoan
Igandean izango da partida, 9:30ean, Majori kiroldegian. Puntu kopuru berarekin, Beasain dago lehen postuan eta Ordizia bigarrengoan. Ordiziako seniorrek 17:00etan jokatuko dute Majorin.
Ordizia Saskibaloi klubeko eta Beasaingo BKL Oriako mutilen junior urrezko errendimendu kategoriako taldeek elkarren aurkako derbia jokatuko dute igandean, Ordiziako Majori Kiroldegian, 9:30ean. Partida garrantzitsua izango da bi taldeentzat, Euskal Ligarako txartela egongo baita jokoan.
Urteko azken jardunaldira puntu berdinekin iritsi dira. Hogeita hiru puntu dituzte biek. Arri BKL Oria dago lehenengo postuan sailkapenean, eta bigarren postuan Ordizia Orkli. Biek 10 partida irabazi dituzte, eta hiru galdu.
Senior mutilak
Ordiziako senior mutilek ere etxean izango dute partida, Majorin. Araberri Basket Klubaren kontra izango da, 17:00etan. Euskadiko 2. mailan, hamalau taldetatik hamargarren postuan dago taldea. Herritarrak deitu dituzte animatzera, goiz eta arratsaldez.