Nomadak Gaitun azoka estreinakoz eta 35. Euskal liburu eta disko azoka Lazkaon
Lazkaotarrak azokaz azoka ibili dira gaur goizean. Euskal liburu eta diskoen azoka izan dute herri erdigunean eta Nomadak Gaitun azoka, berriz, Biziolan, Goierrin estreinakoz.
Lazkaotarrek azoka batekin nahikoa ez eta bi azoka izan dituzte gaur goizean. Aukera desberdinak bietan baina jende ugari izan da bai batetik, bai bestetik pasatzeko tartea hartu dutenak.
35.Euskal liburu eta disko azoka
Aurtengoa 35.edizioa izan da Lazkaon. Ohitura denez, gabonen bueltan antolatzen dute euskal liburu eta disko azoka eta aurten ere hala egin dute. Hiru egunez azokak hartu du herriko erdigunea, frontoia kulturaz bustiz. Liburu eta diskoez gain jostailuz beteriko mahai luze bat ere izan dute, denetariko jolasekin. Disko asko, eta batez ere, biniloak, nahiko klasikoak ziren, izan ‘Ken Zazpi’, ‘Delirium Tremens’ eta antzerako taldeenak zeuden. Bestalde, liburuetan berrikuntza dezente izan dira. Horrenbeste libururen artean adin guztietarako edukiak izan dituzte aukerak gerturatu direnek.
Azoka hau hiru egunez izan da frontoian eta ez da azoka soila izan, izan ere, egun hauetan egitarau zabala izan dute azokaren harira. Astelehenetik ostegunera bitartean herrian zehar banatu dituzte ekintzak eta ostiralean, azokaren irekierarekin batera, egitaraua herriko pilotalekuan zentratu dute. Liburu aurkezpenak, kale animazioa eta abar izan dituzte eta gaur goizean, herriko bandak gabonetako kontzertuarekin eman dio itxiera azokari.
Nomadak Gaitun azoka
Nomadak Gaitun azoka emakume sortzaileen azoka da eta gaurkoan Goierrin egin dute geldialdia. Eskualdeko sortzaile ugari izan dira bertan haien produktuekin, eta denetariko produktuak ikusi ahal izan dituzte bertan gerturatu direnek. Jende asko ibili da goiz osoan zehar eta salmentak <<ondo>> joan direla adierazi dute, <<Biziola bezalako espazio batean zure erakuslehioa izateko aukera izatea ez dela herri bateko plazan egotearen berdina>> aipatu dute saltzaile batzuk, espazioaren <<funtzio eta misioak>> kontuan izanda <<beste modu batera>> jasotzen baita zenbaitetan azoka bera.















