Jon Plazaolak 'Tu-tum, platz!' bakarrizketa eskainiko du Beasainen
Abenduaren 29an izango da, Usurbe Antzokian. Sarrerak salgai daude.
Euskal Herriko areto ugari igaro ondoren, datorren abenduaren 29an, ostirala, Beasaingo Usurbe Antzokiko oholtza gainean izango da Jon Plazaola aktore eta umoregile urretxuarra, bere ikuskizun berrienarekin, ‘Tu-tum, platz!’. 20:30ean izango da emanaldia eta ordubeteko saioa izango da. Sarrerak salgai daude Usurbe.eus webgunean.
Tu-tum, platz! umorezko ikuskizun berriarekin, sorlekura, bere sehaskara itzuli da aktore urretxuarra. Bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan, berriz ere ‘Stand Up’ formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai, 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Hala, Plazaolak bere ibilbidearen errepasoa egingo du saioan eta ikus-entzuleek egiaztatuko dute zahartze ona izan duen hala ez.