Ordiziako kantu eskea 1969an, Olentzero lagun hartuta
1969ko abenduaren 24an ateratakoa da argazkia. Gaur egun ohiko irudia izaten da abenduaren 24an, baina duela 54 urte ez.
1969ko abenduaren 24an ateratako argazkia da ondorengoa. Gaur egun ohiko irudia izaten da abenduaren 24an, baina duela 54 urte ez. Sortu berria zen Ordiziako Jakintza ikastolako ikasle eta irakasleak ikusten dira bertan, Balentxi txistulariaren eta Olentzeroren laguntzaz. Ordizian Olentzerorekin kantu eskea egin zen lehenengo aldia ez bazen ere, lehenengotarikoa izango zen. Pankarta ere badute, Ordiziako Txikiak. Zorionak leloarekin. Horretan ere bada berritasuna, euskaraz idatzita dagoelako.
Gaur egungo ohitura askoren sortzaile eta bultzatzaile izan dira ikastolak. Olentzero da horietako bat. Argazkiko hainbat kide argazkiaren aitzakian kafe baten bueltan elkartu dira eta oroitzapen «politak eta goxoak» dituztela garbi geratu da. Lehenengo ikasturtean gaur egun Euskal Pilota elkartea dagoen tokian ibili ziren. Garagartza plazan gero… Euskaraz ikastearekin batera, neskak eta mutilak elkarrekin ibiltzen ziren. «Gainerakoan, ez mahairik, ez aulkirik… lurrean eserita egoten ginen. Asko abesten genuen, jolastu ere bai. Mendi irteerak ere asko egiten genituen… Aire librean ematen genituen eskola asko», gogoratzen dute. Hezkuntza sistema «oso aurreratua» zela azpimarratu dute.
Horrekin guztiarekin batera, gurasoek eta irakasleek izan zuten «meritua» goraipatu dute. «Gurasoek eta irakasleek meritu handia izan zuten, ikastolen aldeko apustua egin zutelako. Alegala zen dena, ez zeukan ofizialtasunik. Beti mugan ibili ginen. Hala ere, gurasoek ikastolara bidali gintuzten».
Auzolana ere bazen ikastolen ezaugarria. «Gurasoak inplikatzen ziren maila guztietan. Asteburu pasa joaten ginen Zaldibiako deposituetako txabolaren batera. Eta han ematen genituen natur zientziak… Ikastolako jaiak, bazkari erraldoiak ere egin genituen Oiangun».
Orain 54 urteko argazkia
1969ko argazkia da, sortu berria zen Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasle eta irakasleena, Balentxi txistulariak lagunduta. 1963, 1964, 1965ean jaiotako ikasleak ageri dira, andereñoekin batera. Izen batzuk falta dira, baina gehienak hortxe daude zerrendan, ezkerretik eskuinera, goitik hasita:
1. lerroa: Lutxi andereñoa, Alberto de Pedro, Clara Mendizabal,Mari Jose Lasa, Iosune Sarasola, Jon Lonbide, Ramon Balentxi, Xabier Lonbide, Tomas Bosque, Ana Mari andereñoa. 2. lerroa: Begoña Lasa,—–, Xabier Gurrutxaga,—–, Jose Luis Gurrutxaga,——, Mirian Martinez,——, Iñaki Galparsoro, Andoni Eskisabel. 3. lerroa: Andoni Agirre, Elena Oiarbide,—–,—–, Imanol Iturrioz, Esteban Egilegor , Ibon Etxeberria,—–,Aitor Barandiaran, Xabier Salinas, Mari Jose Aldasoro, Jose Luis Ormazabal, Erramun Irastorza, Peio Martinez, Gotzon Korta, Rosa Kerejeta. 4. lerroa: Edorta de Pedro, —–, Nekane eta Andone Mujika, —-, Eugenio Arana, Beatriz Ezeiza, Maite Ormazabal, Jon Ander Olangua, Ana Jerique, —–, —–, Tere Sukia. 5. lerroa: Cristina Unanue, Ana de Pablo?, Gotzon Mintegi, Xabier Lekuona, Belen Esnaola, Coro Bosque, Jon Insausti, Kati Ormazabal, Miren Sukia.