Ampo Ordiziak 10-15 galdu zuen Les Abelles-en kontra
Igandean jokatu zuen Ampo Ordiziak ligako zazpigarren partida. Urteko azken partida izan zen. Urtarrilaren 14ko asteburuan berrekingo diote ligari.
Ampo Ordiziak ligako urteko azken partida jokatu zuen igandean, Les Abelles-en aurka, Altamira estadioan. Ez zuen garaipena eskuratzerik izan eta 10-15 galdu zuen talde goierritarrak. Ligako zortzigarren jardunaldia izan zen. Zazpi partida jokatu ditu Ampo Ordiziak liga erregularrean.
Urtarrilaren 14ko asteburuan berrekingo diote Ohorezko Mailako ligari. Pozuelo Rugby Union taldearen kontra jokatuko dute asteburu horretan, Pozuelo de Alarcon-en, Madrilen. Partida garrantzitsua izango da, aurkari zuzena baita Pozuelo denboraldi honetan Ordiziako taldearentzat. Mailari eusteko lehian daude bi taldeak.
Ampo Ordizia azken postuan dago sailkapenean, hamabigarren postuan, sei punturekin, eta aurretik dago, hamaikagarren postuan, Pozuelo Rugby Union, bederatzi punturekin. Biek partida bat gutxiago jokatu dute, goiko postuetan dauden VRAC Quesos Entrepinares eta Santboiana taldeekin batera. Maiatzera arte iraungo du ligak. Azken postuan amaitzen duena zuzenean jaitsiko da bigarren mailara.