Euskal Herriko 25. Txistor Lehiaketa jokatuko da bihar Ordizian
Berrogeita hamar bat ekoizlek parte hartuko dute, gehienak gipuzkoarrak. 10:00etatik aurrera izango da, udaletxeko arkupetan. Iaz, Haritz Arteaga añorgarrak irabazi zuen.
Euskal Herriko 25. Txistor Lehiaketa jokatuko da bihar Ordizian, udalak Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin lankidetzan antolatuta. 10:00etan hasiko dira epaileak txistorrak dastatzen, eta eguerdi aldera jakinaraziko dute irabazlea zein den. Udaletxeko arkupetan izango da. Berrogeita hamar bat ekoizlek parte hartuko dute. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, baina baita nafarrak, arabar eta bizkaitarren bat ere. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko produktuetara bideratzea da lehiaketaren helburuetako bat, kasu honetan, txistorraren kontsumoa sustatzea.
Epaimahaia Iñaki Telleriak (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Javi Riverok (Ama Jatetxea, Tolosa), Javier Diazek (Alhambra Jatetxea, Iruña), Amaia Garmendiak (Hika Upategia, Villabona), Nagore Rodriguezek (Jakitea Elkartea), Nuria Perezek (Goierri Telebista), Aitor Buendiak (La Ruta Slow, Radio Euskadi), Jone Karresek (turismo gastronomikoan aditua), Aitzol Zugastik (aholkulari gastronomikoa), Rodolfo Villatek (Egibide-Mendizorrotza ostalaritza eskola), Paloma Enriquezek (Cebanc eskolako zuzendaria) eta Mari Jose Nicolayk (Nafarroako Betegarriaren Kofradiako maisua) osatuko dute. Kontuan izango dituzte txistorren neurriak, homogeneotasuna, gustua, txikitua, giharra eta koipea edota ontze-puntua, besteak beste.
Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Iaz, Euskal Herriko 24. Txistorra Lehiaketan, Haritz Arteaga añorgarrak irabazi zuen lehen saria. Goierritarren artean, Lasa Harategia izan zen azken irabazlea, 2019ko edizioan gailendu baitzen.
Txapelketak iraun bitartean, Jakintza Ikastolako ikasleek txistor pintxoak zerbitzatuko dituzte.