«Guztiok jarri beharra daukagu gure hazia bizikidetzaren bueltan»
Aurretik herrigintzan aritua den arren, lehenengoz egin du salto politikagintzara Gorka Urteagak (Beasain, 1984). Maiatzaz geroztik, Zeraingo alkate berria da. Ikasteko gogoz ekin dio lanari.
Gorka Urteaga Zeraingo alkatea. // Argazkia: Josune Zarandona Hilabete batzuk pasatu dira maiatzeko udal hauteskundeetatik. Lehenengoz zara Zeraingo alkate. Zer moduz ikusten duzu zure burua?
Poliki-poliki ikasten ari naiz. Baliabide ekonomiko eta tekniko gutxi ditugu Zerainen eta nahi eta nahi ez asko ikasten da denbora gutxian. Hau ez da berehala ikasten den ofizio horietako bat. Gustura nago, hala ere. Ikastea gustuko dut eta hemen ikasteko aukera egon badago.
Aldeko 112 bozkarekin irabazi zituen EH Bilduk udal hauteskundeak maiatzean, Zerain Burujabe herri plataformari aurrea hartuta. Zein irakurketa egiten duzue emaitza hauen aurrean?
Datuak objektiboak dira. Azken urteetako joerari begiratuta, alderdi baten eta bestearen arteko aldeak handitzera jo dute. Garbi ikusten da, gure iritziz, herritarrek modu onean baloratzen dutela EH Bilduren gobernatzeko modua.
Zalaparta politiko handi baten testuinguruan kokatu zen Zerainen hauteskunde kanpaina. Jada desagertuta dagoen Zeraingo Herri Kandidaturak akusazio gogorrak egin zituen orduko EH Bilduko alkatearen kontra. Nola eragin zuen horrek kanpainan?
Orduko alkatearen kontrako akusazioak gogorrak izan ziren, inolako probarik gabekoak. Hauteskunde kanpainan kokatzea ez zen kasualitatea izan, kutsu politikoa izan zuen eta beraien kanpainaren parte izan zen. Ez ditut zaku berean sartu nahi Zeraingo Herri Kandidaturako kide guztiak, gutxi batzuen kontua baino ez da.
Eta nolakoa izan da eragina herri mailan? Elkarbizitzan eraginik badu?
Eragin beti eragiten du. Zerain herri txikia da, denak ezagutzen dugu elkar; gakoa bakoitzak eman nahi dion garrantzian dago. Denok ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu nondik egiten dugun herren.
Nola aurreikusten duzue Zerain Burujaberekin elkarlana agintaldi berrian?
Elkarlanerako ordezkaritza ezberdinak eskaini dizkiegu, baina ez dituzte onartu nahi izan. Zuzenean gobernatu nahi dute, ez dute elkarlanik nahi. Hala ere, gu irekita gaude eta aurrerago ere aukera berriak izango direla espero dugu.
«Aurretik egindako lan guztiei eustea bakarrik, bada nahikoa erronka»
«Ilusio gehien egiten digun proiektuetako bat da eskola berriarena»
Horren haritik, hauteskunde kanpainan aipatzen zenuen herriko bizikidetza suspertzea dela udal gobernu berriaren helburu nagusietako bat. Zer zentzutan?
Gurea bezalako herri txiki batean guztiok jarri beharra daukagu gure hazitxoa bizikidetzaren bueltan. Orain atzetik badaukagu belaunaldi bat oso polita, bultzaka datorrena eta besterik ez bada haiengatik egin beharra daukagu. Merezi dute euren etorkizunerako.
EH Bilduk azken urtetan udalean egindako ekarpen nagusiena udal gobernua sistematikoki berritzea izan dela azpimarratu duzue.
Hirugarrenez jarraian gobernatzen ari gara, eta azken urteetan udalean hainbat berrikuntza eta aldaketa eragin ditugu. Zerainek izan dituen emakumezko alkate bakarrak –bi– EH Bilduk proposatutakoak izan dira, adibidez. Azken agintaldi honetarako proposatutako udal taldea gaztea da eta aurpegi berrien aldeko apustua egin dugu. Talde anitza da, auzo ezberdinetako bizilagunak bildu ditugu eta genero aldetik ere parekidea izaten saiatu gara.
Orain arte egindako lanari jarraipena emateko asmoa aurreratu duzue. Egongo da alderik?
Ezberdintasunak beti egongo dira, bakoitzak bere egiteko moduak dituelako. Baina orain arte egindako lanari jarraipena emango diogu, noski. Aurreko taldetik transmisio bat egon da, baita lanerako inertzia bat ere. Taldea berria da, baina azkenean gobernatzeko eredu bera daukagu, ardatz politiko bat badugu eta egitura baten babesa ere bai. Horrek herritarrei estilo bat markatzearen bermea ematen die.
Proiektu zehatzagoetara joaz, Errementari eta Xotegi eraikinetako berrikuntza lanei jarraipena ematea izango dira agintaldi berriko proiektu nagusienak.
Hasteko, aurretik egindako lan guztiei eustea bakarrik, nahikoa erronka badela iruditzen zaigu. Errementariko lanei begira, bigarren fase bat burutuko da. Egitura lanak izango dira nagusiki. Datak zehazterik ez daukagu baina etorkizun motzean hastea espero dugu. Erabilera anitzeko gela bat, udaletxea eta mediku eta erizainaren kontsulta kokatuko dira bertan.
Nola doa Xotegiko proiektua?
Eusko Jaurlaritzan aztertzen ari dira oraindik proiektua, baina poliki-poliki badoa aurrera. Etorkizunean eskola berria jarriko da bertan. Ilusio gehien egiten digun proiektuetako bat da.
Datozen urteei begira zeintzuk dira erronka nagusienak? Bertakoei bertan eustea, besteren artean?
Etxebizitza aukerari begiratuta Zerainen geratzea ez da erraza. Azken urteetan bertako gazte askok Segurara edo Beasainera joan behar izan dute. Asmoa badaukagu gazteekin elkartu eta bertan geratzeko prest dauden horiek identifikatzea. Horren bueltan lanketa bat egin beharrean gaude.
Etxebizitzaren gaiaz gain, zer duzue esku artean?
Pilotalekuko teilatuan eguzki plakak jartzeko kostu guztiaren %85 estaltzen duen diru laguntza on bat lortu dugu. 2024an zehar burutuko dira lan hauek. Herriko eraikin guztiak eta kale argiteria hornituko ditugu horrekin.
Herri bizitzan, euskaran, hezkuntzan edo berdintasunean lan egiteko helburuak ere markatu zenituzten.
Feminismoari dagokionean, nesken pilota eskola sortu dugu, adibidez. Euskarari dagokionean, Uemaren arnasguneen barruan sartuta gaude eta euskal girotze barnetegia daukagu. Urtean zehar ekintza ezberdinak egiten ditugu alor hauei lotuta, baditugu dagoeneko hainbat konpromiso hartuta. Inguruko herriekin ere hezitzailek diren hainbat ekintza elkarbanatzen ditugu.
Zerbitzu publikoak mantentzea da beste erronketako bat?
Mediku eta erizainen kontsultak astean bitan dauzkagu, Mutiloarekin txandakatuz. Alde horretatik eskertzekoa da, herritarren batez besteko adina altua delako eta behar handia dugulako. Bestelako zerbitzuei dagokienean, adibidez, zuntz optikoa Zeraingo auzo guztietara iristen ari da, Zeraingo etxeen %97an badago jada. Etxetik lan egin ahal izateko edo gazteek etxean ikasi ahal izateko garrantzitsua da. Gainerakoan, aterpetxea, turismo bulegoa, etxebizitza sozialak, herriko taberna… ditugu. Denak irekita mantentzea eta zerbitzu hori eskaini ahal izatea garrantzitsua da, azken finean, hori laburbiltzen du gure leloak: Zerain, herri txiki bizi bat.












