Kawa Eguna ospatuko du OREk etzi, errugbi inklusibo topaketarekin
Bi urte beteko dira Kawa Leauma Ampo Ordiziako jokalaria hil zenetik. Gaurko asistentzia baieztatzea eskatu dute.
Etzi, ostegunean, Kawa Eguna ospatuko du ORE Ordizia Rugby Elkarteak. Bi urte beteko dira Kawa Leauma Ampo Ordizian jokatzen zuen errugbilari zeelandaberritarra hil zenetik. Omenaldi gisa, errugbi inklusibo topaketa bat antolatu du klubak. 2021eko abenduaren 21ean hil zen Leauma, Espainiako selekzioarekin Herbehereetan zegoela izandako ustekabeko istripu baten ondorioz.
Errugbi inklusiboaren helburua da normalean elkarrekin jokatu ezin duten pertsonei elkarrekin jokatzeko aukera ematea, kirola bera eta dinamikak taldean dauden pertsonen ezaugarrietara egokituta. 18:30etik 20:00etara izango da topaketa, Altamira estadioan. Hirugarren denbora ere egingo dute gero. Parte hartu nahi dutenei gaurko asistentzia baieztatzea eskatu diete, klubarekin harremanetan jarrita.
Aurten, udara arte, hainbat errugbi inklusiboko saio egin zituen OREk, elkarte ezberdinekin elkarlanean, tartean, Atzegirekin, Gautenarekin, Agifesekin, Tolosako Gurutze Gorriarekin, Beasaingo Aita Menni-rekin edota Ordiziako Garagunerekin.