Perratokia berriz muntatzen
Zaldibiako kalean duela hamalau urtera arte egon zen perratoki zaharra berreskuratu, eta muntatzen ari da herritar talde bat. Udal biltegian piezaka jasota zegoen, jatorrizko lekutik, Ermentari etxetik, 2009an jaso zenetik.
Hamalau urte igaro dira Zaldibiako azkeneko perratokia kendu zutenetik. Santa Fe kalean zegoen Ermentari etxea 2009ko irailean bota zutenean desagertu zen antzinako lanbide zahar horren azken azpiegitura. Ondarearen balioaz jakitun, ordea, udal biltegian gorde zuten zurezko perratoki zaharra, baita deztera eta beste tresnak ere.
Biltegian ere lekua egin beharra zegoenez, eta garai bateko bizimoduaren eta lanbide baten lekukotasuna galtzen utzi gabe, piezak berreskuratu, eta atzera muntatzen ari dira.
Joxepane ostatua dagoen Albitsu etxearen eta Albitsuetxeberriren tarteko kale kantoian jarri dute perratokia, Santa Fe kalean, jatorrizko lekutik oso gertu. Herritar talde bat ari da lan horretan, Damian Garmendiaren gidaritzapean, beste lauzpabost gazteren laguntzarekin. Denbora librean eta borondate hutsez ari dira muntaketan.
Aurreratuta dauzkate oso lanak. Perratokia bera altxatu dute, piezaz pieza, lehen zen bezalaxe. Estalpea ere ipini diote, ohol eta egur zaharrekin. Teilatua bukatzea da falta zaien zeregin nagusiena orain: teila berezi batzuk noiz iritsiko zain daude, erabat errematatzeko. Urtea bukatzerako amaitu nahi dute.
Desagertu zen etxea
Ermentari etxea 2009ko irailaren 2an eraitsi zuen hondeamakina batek. Hiru urte lehenago, 2006ko azaroan, sute batek kalte handiak eragin zituen eraikinaren zati batean: teilatu zati bat eta goiko solairuaren zorua behera etorri ziren, eta egitura kaltetuta gelditu zen.
Aldamenean, plaza alderanzko etxe ertzean zegoen perratokia, estalpe batean. Galarraga sendikoak izan ziren azken perratzaile eta errementariak. Aitona zena, Fermin Galarraga, Goiatz herritik etorri zen, eta lehengo errementariaren lekua hartu zuen. Haren seme Inaxiok jarraitu zuen ferraketan.