Urtarrilaren 12an hasiko da Antzerki Garaia
Zortzi antzezlan izango dira, Beasainen eta Ordizian; bost euskaraz, bi gazteleraz eta bat elebitan. Sarrerak 12 euroan jarriko dira salgai eta ziklo osorako abonua 72 euroan eskuratu ahal izango da urtarrilaren 9ra arte.
Urtarrilaren 12an hasiko da Antzerki Garaia, apirilaren 12ra arte. Zortzi emanaldi izango dira, Beasaingo Usurbe Antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian. Bost euskaraz dira, bi gazteleraz eta bat elebitan. Lehenengoa Obsoletus antzezlana izango da, Ordiziako Herri Antzokian. Gaur aurkeztu dute egitaraua Leire Artola Beasaingo alkateak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Beasaingo Usurbe Antzokian. Emanaldi guztiak ordu berean izango dira, 20:30ean, alegia.
Denboraldi osorako bonuaren prezioa, 72 eurokoa da. Urtarrilaren 9ra arte, Usurbe Antzokiko leihatilan, Barrena Jauregian, edo Herri Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke. Eguneko txartelak 12 euro balio du. Aurrez, www.usurbe.eus helbidean edo Usurbeko leihatilan egunean, aurrez Barrenan, eta Herri Antzokian egunean bertan.
‘Obsoletus’
Lantegiaren ixtearekin sortutako protesta jendetsua, denborarekin guztiz ahulduta dago, Ione eta Elias bakarrik geratzen direlarik. Baina Txarlik itxaropena dakar, baldintza bakar batekin: itxialdia utzi behar dute adostutakoa beteko den jakin gabe. Urtarrilaren 12an izango da Antzerki Garaiko lehena, Herri Antzokian. Anodino Teatroaren ekoizpena da. Zuzendaria: Pako Revueltas. Antzezleak: Aiora Sedano, Juanjo Otero, Aitor Fernandino.
‘Baginaren bakarrizketak!’
Baginaren bakarrizketak adin, arraza, maila kultural eta sozial ezberdinetako 200 emakumeei egindako elkarrizketen emaitza da. Komedia honek, eztabaida piztu, moldeak apurtu, dinamikak sortu eta, lotsarik gabe, argi eta garbi azaltzen du emakumeen sexualitatea. Urtarrilaren 19an izango da, Usurbe Antzokian. Txalo produkzioak ekoitzia da. Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain.
‘Almazenean’
Erretreta hartzeko dagoen arduraduna (Iker Galartza) eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean. David Desola idazle kataluniarraren komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du. Antzezlan honek Hermanos Machado Saria jaso zuen 2003an. Otsailaren 9an izango da, Herri Antzokian. Txalo Produkzioak ekoitzitako lana da. Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Zuhaitz Gurrutxaga, Iker Galartza.
‘Buho’
Pablok, aztarnategi paleolitikoetan espezializatutako antropologo forentseak, amnesia larria eragin dion iktusa pairatu du. Oroimenaren aldeko barne bilaketa baten aurrean egongo gara, bere oroitzapenak, azken batean, bere nortasuna, berreskuratzeko. Otsailaren 16an izango da, Usurbe Antzokian. Titzina taldeak ekoiztu du. Zuzendaria: Diego Lorca, Pako Merino. Antzezleak: Diego Lorca, Pako Merino.
‘Posdatarik gabeko gutunak’
Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hau inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik. Eskutitz guztiek ezaugarri bera dute; postdataren lekua hutsik uzten du igorleak. Martxoaren 1ean, Herri Antzokian. Xake taldearen antzezlana da. Zuzendaria: Getari Etxegarai. Antzezleak: Kepa Errasti, Nerea Ariznabarreta.
‘Esnearen kolorekoa’
Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Martxoaren 15ean izango da, Usurbe Antzokian. Tanttakaren eskutik. Zuzendaria: Fernando Bernues. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramon Soroiz.
‘Sexpiertos’
Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi ittota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta. Apirilaren 5ean, Herri Antzokian. Tanttakaren eskutik. Zuzendaria:Mireia Gabilondo. Antzezleak: Telmo Irureta, Miren Arrieta.
‘La sed del minotauro’
Antiheroiez mintzo da, izaki nahigabetuez eta apur bat desesperatuez, zoriona konkistatzeko borroka galtzeko beldurrari aurre egiten dioten izakiez, gizon eta emakume sendo eta bihotz handikoez. Hotz egiten duen leku bateko kafetegi-taberna txiki batean gertatuko da dena. Bezeroak sartuirtenean dabiltza, maitasunaren bila, ia kontuan hartzen ez dituen mundu batetik ihesi. Apirilaren12an, Usurbe Antzokian. Khea Ziater taldeak ekoitzi du. Zuzendaria: Alex Gerediaga. Antzezleak: Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Miren Gaztañaga, Leire Ucha, Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. De Jauregui.