Urteko azken elkarretaratzea egin dute Goierriko Pentsiodunek
Hilaren 25ean ez dute egingo elkarretaratzerik Beasainen. 2024ko lehenengo protesta urtarrilaren 8an izango da, Lazkaon. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsiodunentzako bertso idatzien lehen lehiaketa jarri du martxan.
Goierriko Pentsiodunek urteko azken elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Ordiziako Plaza Nagusian. Hurrengo astelehena abenduaren 25a denez, ez dute elkarretaratzetik egingo Beasainen, eta 2024ko lehenengo astelehenean, Ordizian, ere ez. 2024ko lehenengo protesta urtarrilaren 8an egingo dute, Lazkaon.
Atzoko elkarretaratzean pentsioen igoera izan zuten hizpide. Pentsioak %3,8 igoko dira 2024an. Balio-handitze hori “duela sei urtetatik kalean jarraitzen” duten “Pentsiodunen Mugimenduaren garaipena” dela aldarrikatu zuten: “Mobilizaziorik gabe, 2013ko erreforma aplikatuta, pentsiodunok erosteko ahalmenaren %20 galduko genukeen”.
“Positibotzat” jo dute pentsioen igoera orokorrez gain, gutxieneko pentsioei ehuneko handiagoa aplikatzea, “baina pentsiodunen eskubideak handitzeko premiazko neurriei buruzko 2/2-2023 Errege Lege Dekretuan jasotakoa” ez zaie “nahikoa” iruditzen “arrakala murrizteko”. “Errebalorizazio horiekin, gaur egun 743 eurotan dagoen pentsiodun baten gutxieneko pentsioa 873 eurokoa izango da 2027an. Gaurko, ‘ya!’, eskatzen dugun 1080 eurotik oso urrun”.
Bertso idatzien lehen lehiaketa
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso idatzien lehen lehiaketa jarri du martxan pentsiodunentzat, eta Euskal Herri osora zabaldu dute gonbidapena. Pentsiodunei edo 60 urte bete dituztenei zuzenduta dago, baita euskal diasporako komunitateari ere. “Pentsiodunon belaunaldia euskara aldetik asko zigortutako belaunaldia da. Horregatik, ekimen xume honen bidez, euskarari eta euskal kulturari ekarpentxo bat egin nahi izan dio pentsiodunen mugimenduak”, azaldu dute. Herrietako batzarren batzordera jo behar dute informazio gehiago nahi dutenek edo parte hartu nahi dutenek.