Metodo Ripley, Lazkaok batutako musikari hirukoa
Aurreneko diskoa argitaratu du Lazkaoko Metodo Ripley rock taldeak: ‘Un pasajero mas’. Plataformetan zintzilikatu dute, abendu hasieraz geroztik. Jendaurreko kontzertuak emateko irrikaz dago hirukotea.

Lazkaoko musika eszenan zenbait agerraldi egin ondoren, aurreneko diskoa argitara eman du Metodo Ripley taldeak. Abendu honetan jarri dute plataformetan Un pasajero mas lana, zortzi abestik osatua. Martxoaren 16an aurreratu zuten jada bildumaren esentzia, egun hartan plazaratu baitzuten diskoaren izen bereko abestia.
Orain, zortzi abestirekin urratu du diskogintzaren estreinaldia hirukoteak. «Bat gehi zazpi», diote beraiek. Izan liteke bat hori intro moduko abesti labur bat delako, 30 bat segundoko iraupena duen sarreratxoa. Edo izan liteke zortzi abestietatik bat delako euskaraz, eta besteak gaztelaniak.
«Grabatzen ikaragarri gozatu dugu. Prozesu luzea bezain polita izan da», azaldu dute Metodo Ripleykoek.
Hiru musikari Lazkaon
Lazkaon bizi diren hiru lagunek osatzen dute Metodo Ripley. Duela urte pare bat elkartu ziren, haurren jirako plazako egonaldietan eta Lazkao Txiki Musika Eskolako klaseetan. Udalak herriko musika taldeentzat dauzkan entsegu-lokaletan dihardute, harrezkero.
Damian Peña Steffen madrildar jatorriko konpositore eskarmentuduna (baxua eta ahotsa), Asier Jauregi donostiar lazkaotartua (gitarra eta ahotsa) eta Sergio Rodriguez ordiziarra (bateria) dira hiru lagunak. Musika eskolan egin zuten ezaupidea, eta Lazkaoko Musika Bandan ere parte hartzen dute.
Un pasajero mas lanerako entzute handiko musikarien kolaborazioak ere lortu dituzte. Reincidentes taldeko Fernando Madina eta Kerobia taldeko Xabi Bandini laguntzaile izan dituzte, esate baterako. Itxura Records estudioan grabatu dute, eta diskoaren azala Paloma Gajatek diseinatua da.
Rock urbanoaren sokan
Orain arte, Lazkaon bertan hiru aldiz jo du taldeak: 2022ko irailean egin zuten debuta, plazan, Unai Dominguez motozale zena oroitzeko aurreneko topaketan. Aurten, Goierri Rallyesprintaren inguruko jaialdian, eta apirilean Lazkaoko festetan eman dituzte beste bi kontzertu.
Rock urbanoaren jeneroan ikusten dute beren burua, estilo aldetik. Baina ez zurrun. Zalantza eurek ere badute: «Zazpi abesti eta erdi hauek zeren soinua duten? Rockzaleak pop-a dela esaten du, popzaleak rocka dela… Eta guk ez dakigu zer esan ere. Betikoa da: gozarazten digun musika da», ebatzi dute.
Teknikoago jarrita, zehaztu dute gehiago: «Rock klasikoa da, aldika pop hedatuarekin».
Emanaldiak nahi dituzte
Aurkezpenak eginda, eta besapean disko entzungarri bat dutela, jendaurrean jotzeko okasioak nahi dituzte orain, tabernetan eta aretoetan.
«Kuriositate bezala, Sergio euskaldun zaharra da, ni euskaldun berria, eta Damian euskara ikasten ari da. Hurrengo diskoan euskarazko abesti gehiago sartzea espero dugu», aurreratu du Asier Jauregik.
Bien bitartean, bidaiari bat gehiago igo da Goierriko eta Lazkaoko musikagintzaren furgonetara, rock, pop edo gozarazten dieten erregaiz lepo: musikaz.