Ur txorroten parkea San Inazio auzoan jarriko da, herritarrek hala proposatuta
Datorren urteko udarako egongo da prest. Lanek 250.000 euroko aurrekontua izango dute. Legazpiko Berdeak taldeak kostua «oso handia» dela dio, urtean hilabete gutxitan erabiliko delako.

Legazpiarrek San Inazio auzoa aukeratu dute ur txorroten parkea kokatzeko. Aurrekontu parte hartzaileetan jasotako proposamena zen Legazpin ur txorroten parke bat jartzea, eta udalak proposamenari aurrerabidea eman ondoren, bi kokapenen artean aukeratzeko eskatu zien herritarrei. Juanastegi eta San Inazio zeuden aukeran, eta azken kokapen horren alde egin du udalak antolatutako bozketan parte hartutako gehiengoak.
Guztira 493 boto jaso dituzte, eta horietatik 365 San Inazioko kokapenaren aldekoak izan dira, eta gainerako 128ak, Juanastegiren aldekoak.
Udarako prest
Ur txorrotak San Ignazio auzoko haur parkearen azpialdean jarriko dituzte, eta ondo bidean, aisialdirako gune berri hori 2024ko udarako egongo da prest.
Lanek 250.000 euro inguruko kostua izango dute. Haur txikienentzako zein nagusiagoentzako elementuak izango ditu, eta horietako ura zirkuitu itxi bidez berrerabiliko da, igerilekuetan egiten den antzeko sistema erabilita eta jasangarritasun irizpideei jarraituz.
Legazpiko Berdeen iritzia
Legazpiko Berdeak+Independenteak taldeko Alberto Bezunartearen iritziz, 250.000 euroko kostua «oso altua» da, urtean hilabete gutxi batzuetan bakarrik erabiliko delako parkea.
Gainera, behin martxan jarrita «urtero kostu gehiago» izango dituela zehaztu du. «Parkea mantentzeko, garbiketa eta konponketa lanak egiteko, aparatuak muntatzeko eta desmuntatzeko parkea martxan ez dagoenean lapurretak eta bandalismoa saihesteko» dirua beharko dela dio. «Parkeak kontsumituko duen energia ordaintzeko, ponpa elektrikoak martxan jartzeko, ura arazteko…» ere beharko da dirua, baita «kloroa, plagizidak edo algen kontratoak bezalako produktu kimikoak ordaintzeko ere», eta «ura ordaintzeko ere bai, nahiz eta zirkuitu itxia izan, beti galtzen delako».
Gainera, administrazio publikotik herritarrei «mezu okerra» bidaltzen ari zaiela nabarmendu du, «urarekin jolastu daitekeela» eta «urarekin inolako arazorik ez daukagula» esanez. «Eta hori ez da horrela».