Zarauzko Biyona janari dendak irabazi du Euskal Herriko 25. Txistor Lehiaketa
Berrogeita zortzi parte hartzaile izan dira Ordiziako udaletxeko arkupetan jokatu den lehiaketan. Bigarren saria Goizuetako Lizarraga Harategiak lortu du, eta hirugarrena, berriz, Ormaiztegiko Deba Harategiak.

Zarauzko Biyona janari dendak irabazi du gaur Ordizian jokatu den Euskal Herriko 25. Txistor Lehiaketa. Asteazkeneroko azokarekin batera, udaletxeko arkupetan izan da lehiaketa. 10:00etan hasi dira epaimahaikideak txistorrak dastatzen, eta sailkatze faseen ondoren, 14:00ak aldera jakinarazi dituzte irabazleak. Jakintza Ikastolako ikasleak txistor pintxoak saltzen izan dira goiz osoan, eta eguraldiak lagundu ez duen arren, jende ugari inguratu da pintxoak dastatzera zein lehiaketa ikustera.
Berrogeita zortzi parte hartzaile izan ditu aurten lehiaketak: Gipuzkoako 32, Nafarroako 12, Bizkaiko hiru eta Arabako bat. Goierrikoen artean, Ataungo Erauskin Harategiak, Beasaingo Olano Harategiak, Ordiziako Mujika, Lasa eta Zeberio harategiek, Zegamako Oiarbide harategiak, eta Ormaiztegiko Deba harategiak parte hartu dute.
Epaimahaia Iñaki Telleriak (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Javi Riverok (Ama Jatetxea, Tolosa), Javier Diazek (Alhambra Jatetxea, Iruña), Amaia Garmendiak (Hika Upategia, Villabona), Nagore Rodriguezek (Jakitea Elkartea), Nuria Perezek (Goierri Telebista), Aitor Buendiak (La Ruta Slow, Radio Euskadi), Jone Karresek (turismo gastronomikoan aditua), Aitzol Zugastik (aholkulari gastronomikoa), Rodolfo Villatek (Egibide-Mendizorrotza ostalaritza eskola), Paloma Enriquezek (Cebanc eskolako zuzendaria) eta Mari Jose Nicolayk (Nafarroako Betegarriaren Kofradiako maisua) osatu dute.
Deba, hirugarren
Sailkatze faseen ondoren, zortzi txistor aukeratu dituzte finalerako: Dimako Zuazo, Beasaingo Olano, Zegamako Oiarbide, Tolosako Miren Pagola, Goizuetako Lizarraga, Ormaiztegiko Deba, Etxarriko Karasatorre eta Zarauzko Biyona. Berriz dastatu dituzte txistorrak, eta 196,40 punturekin gailendu da Biyonakoa. Bigarren saria Goizuetako Lizarraga harategiarentzat izan da, eta hirugarrena, aldiz, Ormaiztegiko Deba harategiarentzat.
Honela geratu da sailkapena:
1. Biyona janari denda (Zarautz): 196,40 puntu.
2. Lizarraga harategia (Goizueta): 186,50.
3. Deba harategia (Ormaiztegi): 180.
4. Zuazo harategia (Dima): 178,50.
5. Miren Pagola harategia (Tolosa): 177,50.
6. Oiarbide harategia (Zegama): 175.