Beasaingo ardatz nagusiko obrak apirilean hastea espero du udalak
Argitaratu den lizitazioan, 3,4 milioi euroko kostua eta 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi da. Oinezkoak lehenestea eta bertako jarduerak indartzea da helburua.
Beasaingo San Inazio eta Esteban Lasa kaleak birgaitzeko lanak kontratatzeko prozesua abiatu du udalak. Obrak bi fasetan egingo direla iragarri dute: batetik, San Inazio-Andramari bidegurutzea, eta bestetik, Esteban Lasa-Martina Maiz-Igartetxe eremuak hartzen dituena. Argitaratu den lizitazioan, 3.400.000 euroko kostua eta 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi da. Ondo bidean eta ezustekorik ez badago, lanak 2024ko apirilean hastea espero du Beasaingo Udalak.
Beasaingo ardatz nagusietako bat osatzen dute San Inazio eta Esteban Lasa kaleek. Herrigunean kokatuta, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari pilatzen dira bertan, eta pertsonen joan-etorria ugaria da.
Eremu horren garapena, 60ko hamarkadan izan zen baina, harrezkero, azaleko konponketak baino ez dira egin. Hala, egungo beharretara egokitzea du helburu udal gobernuak.
Oinezkoei egokitutako espazioak lehenetsiko direla iragarri dute, irisgarritasuna eta segurtasuna kontutan hartuz. Bertan kokatuta dauden saltoki eta zerbitzuentzat onuragarri izango delakoan dago Udala.
San Inazio kalea eta Esteban Lasa kalearen 1-11 zenbakiak hartuko ditu; baita hauekin bidegurutze bat osatzen duten Andra Mari, Martina Maiz eta Igartetxe kaleen zati bat ere. Guztira 6.110 metro koadro inguru.
Proiektuaren oinarria lantzeko, bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxeko ordezkariekin lau bilera egin dira azken lau hilabeteetan, proposamenaren ezaugarri nagusiak aurkeztu, aztertu eta adosteko.
Proiektuaren ezaugarriak ezagutzera emateko, birmoldaketaren irudi eta datu nagusiak jasotzen dituen webgunea sortu du udalak: southvisions.com.
Igartza Oleta kaleko lanek aurrera darraite. Lanek zortzi eta hamabi zenbakien arteko eremua eta Florentzio Axpe kalearekin duen bidegurutzeari eragingo diote. Ur-azpiegitura zerbitzuak berrituko dira eta San Martin errekastora isurtzen diren ur zikinak jasoko dira kolektorera bideratu eta tratamendu egokia jaso dezaten.
Gainera, udalak irisgarritasuna, bide-segurtasunaren hobekuntza eta ingurumena babesteko lanak egingo ditu. Loinatz udal futbol zelaiko aparkalekua eta espaloiaren artean zuhaitz errenkada bat landatuko da bero-irla efektua arintzeko eta ibaiertzeko barandan altzairuzko zokaloa jarriko da Oriara erortzen den hondakin kopurua murrizteko. Horrekin batera, biribilgune zapalgarri bat eraiki Florentzio Axpe kalearen bidegurutzean bide segurtasuna hobetzeko.