Emakumeen pilota txapelketako pilota jaialdietako bat, etzi, Zerainen
Ados pilota elkarteak antolatutako txapelketa da. Profesional mailako emakumeen pilota partida izango da 18:30ean. Aurretik, pilota eskolako nesken txanda izango da.
Pasa den asteburuan hasi zen Ados pilota elkarteak antolatutako Euskal Herri mailako emakumeen binakako txapelketa Latasan (Nafarroa), eta asteburu honetan jokatuko dute Zerainen txapelketa honen baitako pilota jaialdietako bat. Profesional mailako emakumeen pilota partida 18:30ean hasiko da Gurea pilotalekuan, baina aurretik, Zerainen entrenatzen duen Ados pilota eskolako nesken partidak izango dira, 16:30ean hasita.
Ados pilota eskola urrian jarri zuten martxan Zerainen. Gipuzkoa guztiko neska pilotariak hartzen ditu eskolak, «pilotan jokatu nahi duten neskei euren artean jokatzeko aukera emateko helburuarekin», Maite Ruiz de Larramendi proiektuaren bultzatzaileak esan duenez.
Zeraingoa Gipuzkoan sortu den lehendabiziko nesken pilota eskola da —Adosek nesken beste pilota eskola gehiago ditu Nafarroan—. Ruiz de Larramendi beasaindarra eta pilotari profesionala da nesken entrenatzailea eta «oso gustura» dago pilota eskolak duen martxarekin, «gozamena da entrenatzera nolako ilusioz eta gogoz etortzen diren ikustea», azpimarratu du.
Pilota eskolan «16-18 neskek» entrenatzen dute astelehenero Zeraingo Gurea pilotalekuan. Jatorri ezberdinetako pilotariak dira: «Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Lazkao, Segura, Olaberria, Idiazabal eta Zumarragakoak». Ruiz de Larramendiren ustez, adin batetik aurrera neskek pilotan jarraitzea oso zaila da, «tokian tokiko pilota eskoletan mutilekin jokatu behar izaten dute gehienetan, eta adinez dagokiena baino maila baxuagoetan».
Pilota jaialdia, larunbatean Gurean
Nesken artean pilotan aritzeko espazioa bat izateaz gain, Zeraingo pilota eskolan «pilotaz gozatzea» da helburu nagusia; «neska hauentzat bidelagun izan eta pilotan aritu nahi duten horiei jokatzen jarraitzeko aukerak bermatu nahi dizkiegu».
Horrekin lotuta, Euskal Herriko emakumeen binakako txapelketaren baitan, pilota jaialdia ospatuko dute Zerainen larunbatean. Txapelketa profesional eta promozio mailetan jokatuko da, «apirilaren 21era arte luzatuko da —Antzuolan izango da finala—; 58 partida jokatuko dira guztira eta 22 emakume pilotarik parte hartuko dugu»; Ruiz de Larramendi, tartean.
Zeraingo Gurea pilotalekuan jokatuko da profesionalen arteko partida horietako bat, larunbatean Barrokal eta Agirre Iturriaga eta Orbegozoren aurka arituko dira 18:30ean. Aurretik, 16:30ean, Zeraingo pilota eskolako nesken partidak ikusteko aukera izango da. «Zuriz jantzi eta pilotan lehiatzeko aukera eman nahi diegu neskei. Zozketak, opariak, etab. egongo dira, beraientzat arratsalde berezi bat izatea nahi dugu».
Martxan jarraituko du
Pilota eskolako 12 bat neskek hartuko dute parte larunbateko jaialdian. Etorkizunari begira, pilota eskolak dagoen eskaeraren arabera lanean jarraituko duela esan du Ruiz de Larramendik, «urte askoan espero dut». Pilota jaialdia doakoa da eta bertako zein inguruko pilotazale guztiak daude gonbidatuta.