Berotasunez hartuko dituzte
Goierriko herri guztietan egingo dituzte kantu eskeak eta Olentzerori eta Maridomingiri harrerak. Urretxun eta Zumarragan, eguzki berria ospatuko dute ekitaldi berezi batekin.
Bidean dira Olentzero eta Mari Domingi, zaku bete opari. Data hauetako pertsonaia ospetsuenei etorrerak egingo zaizkie herri guztietan eta horrekin batera, kalejirak eta kantu eskeak egingo dira. Herri askotan, goizean goizetik abestera irteteko hitzordua ere egina dute. Olentzero eta Mari Domingiri harrerak ere egingo zaizkie han eta hemen.
Izan denboraren joanean galtzen diren ohitura-hondarrengatik, izan joera berriagoengatik, erlijioak bereganatutakoak nahiz naturari estu lotutakoak, goierritar askok Gabonak ospatuko dituzte, igandetik aurrera.
Suaren inguruan
Urretxun eta Zumarragan, azkeneko sei urteetan, nabarmentzea merezi duen ekitaldi berezia egin ohi dute abenduaren 24an, eta hala egingo dute aurten ere. Mitologiarekin eta naturarekin, arbasoen ohiturei tiraka, Eguberri, eguzki berri jaia egingo da Gabon iluntzean, Lepaka Haur eta Guraso Taldeak antolatuta, bi udalen laguntzarekin. Festa hau suaren inguruan egiten da.
Herritarrak Zelai Ariztin elkartuko dira. Bertan, 18:30ean desfilea hasiko da. Zelai Ariztitik Legazpi kalera joango dira, handik Euskadi plazara, eta Soraluze kaletik Urretxuko Gernikako Arbola plazara joango dira. Desfilearen aurrealdean eguzkia, ilargia, Olentzero, Mari Domingi eta baserritarrak joango dira, su berria garraiatzen. Ondoren musikariak, dantzariak, erraldoiak eta bidean zehar batzen joango zaizkien herritarrak.
Gernikako Arbola plazan egingo dute ekitaldi nagusia. Bertan, su berriari eta Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diete, txalapartariek lagunduta. Horretaz gain, kontakizun musikatua egingo dute eta dantza eta bertso saioak egingo dira.
Eguberri, eguzki berri neguko solstizioarekin lotzen duten ekimena da. Helburua da, naturarekiko harremana eta kultura ondarea berreskuratzea, ezagutzera ematea eta transmititzea.