Kukai Dantza konpainiak ‘Hnuy Illa’ ikuskizuna egingo du Usurben
Abenduaren 28an izango da, 20:00etan. 2009an Ikuskizun Errebelazio Max Saria jaso zuen Kukai Dantzak ikuskizun horrengatik. Sarrerak sei euroan eros daitezke Antzokiko webgunean.
Kukai Dantza konpainiak Hnuy Illa ikuskizuna eskainiko du Beasaingo Usurbe Antzokian abenduaren 28an, 20:00etan. 2008an sortutako ikuskizuna da. 2009an Max Sarietako Ikuskizun Errebelazio Saria jaso zuen konpainiak lanarengatik. 2020an, berriz, berrikusi eta eguneratu egin zuten emanaldia Kukaik eta Tanttaka Teatroak, egungo errealitatera egokituta. Hori izango da Beasainen aurkeztuko dutena.
Joseba Sarrionandiaren poesian inspiratutako eta iradokizunez betetako lana da. Idazlearen unibertsora eramango dituzte ikusleak dantza, kantu eta ikus-entzunezkoen bidez. Mireia Gabilondoren gidoiarekin eta haren eszena zuzendaritzapean, Jon Mayaren koreografia gorpuztuko dute Alain Maya, Aritz Lopez, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Leire Otamendi, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dantzariek.
Jatorrizko musika Iñaki Salvadorrena da. Konpainiaren hitzetan, «ate bat irekitzea bezala» da ikuskizuna, «zerbait berria gerta dadin, tonu ez izugarri alaiarekin, malenkoniatsuarekin apika…eta pozkorrarekin». Mikel Laboaren, Maria Berasarteren eta Joseba Tapiaren ahotsak ere tartekatzen dituzte. Hnuy Illa nyha ma jah yahoo poema liburua argitaratu zuen 1995. urtean Sarrionandiak, 1985etik 1995era idatzitako olerkiekin. Ikuskizunaren izenburuak liburuari egiten dio erreferentzia. Sarrionandiaren leihotik mundura begiratzeko modu bat eskainiko diote publikoari. Maitasuna, sorterria, bakardadea eta erbestea dira oholtzaratutako gaiak.
Sarrerak salgai
Sarrerak salgai daude dagoeneko. Oraindik sarrera asko geratzen dira eskuragarri. Usurbe Antzokian online erosi daitezke aurrez, sei euroan, www.usurbe.eus webgunean. Leihatilan ere erosi ahal izango dira.
2001etik dantzan
Beasainen aurkeztuko duten lanagatik 2009an lortutako errebelazio sariaz gain, beste hainbat aitortza izan ditu Kukai Dantzak, tartean, 2015 eta 2017 urteetan dantza talde onenaren Max sariak irabazi zituen, eta 2019an Erritu lanagatik koreografia onenaren saria. 2001ean sortu zuen Kukai Dantza Jon Mayak, Errenterian. Euskal dantza tradizionalean beste dantza estilo eta kultur diziplinekin uztartzen dituzte.