Mirari Mertzeria Beasaingo Erakusleiho Lehiaketako garaile
Mirari Mertzeriarentzat izan da aurtengo gabonetako Beasaingo Erakusleiho Lehiaketako lehenengo saria. Argi Optika eta Xalo arropa denda izan ditu atzetik, hurrenez hurren. Erretiratutako merkatariei aitortza egiteko ere aprobetxatu dute.
Gabonak gerturatzen hasi eta erakusleihoak edertzen hasten dira herrietako merkatariak. Beasainen ere hala egin dute beste urte batez, lehiaketa antolatuz. Beasaingo merkatariak buru belarri aritu dira aurtengo gabonetan ere erakuslehiorik onenaren saria jasotzeko asmoz eta guztiek apainketa lan handia egin arren, hiru izan dira sariak jaso dituztenak. 14 parte hartzaile izan dira aurtengoan erakusleihoak modu berezian apaintzeko lana hartu dutenak eta lehiaketara aurkeztu direnak. Herritarrek bozkatu dute aurten ere 14 erakusleiho horien artean eta guztira, 738 pertsonak eman dute botoa.
Gaur eguerdiko 15:30etan egin dute 2023ko Erakusleiho Lehiaketako sari banaketa eta bertan elkartu dira parte hartzaile guztiak, irabazleak jakiteko irrikaz. Ekitaldiari Leire Artolak, Beasaingo alkateak, eman dio hasiera, merkatarien «funtsezkotasuna» eta «gertutasuna» azpimarratuz, herriari «bizia» ematen diotela adieraziz eta eskerrak emanez urte osoan zehar egiten duten «ekarpenagatik» izan herrian zein Beasaingo ekonomian.
Behin hau esanda, aurten erretiratu diren merkatariei aitortza egiteko unea iritsi da. Yañez bitxitegiko Marisa eta Elena Yañez eta Nafarroa Etorbideko Estankoko Jose Antonio Diez izan dira aurten omenduak eta saltoki bakoitzeko oroigarri banarekin joan dira gaurko ekitalditik etxera. «Esker hitzak» besterik ez dituzte izan bertan ziren udaleko ordezkariek.
Erretiratuei omenaldia egin ondoren, sari banaketarekin hasi dira, hirugarren saritutik hasi eta lehenengora arte. Hala ere, sarituak izan ez direnen lana «aitortu» eta egindako «eskertu» diete. Hirugarren saria Xalo arropa dendarentzat izan da; bigarrena, berriz, Argi Optikarentzat eta gaurko sari potoloa eraman duena Mirari Mertzeria izan da.
Urtarrilaren 6ra bitartean erakusleihoak ikusteko aukera izango dute oraindik herritarrek.