Mitologia eta jolasa Zegaman
Mitologia eta jolasa uztartzen dituen parkea izan dute gaurkoan zegamarrak eskolako atarian, Jokai konpainiaren eskutik.
Gabonetako parkeak oso ohikoak dira data hauen bueltan, baina guztiak ez dira berdinak izaten. Herri askotan puzgarriak eta antzerako jokoak izan ohi dira, baina zegamarrak originaltasunez beteriko jokoak ekarri dituzte gaurkoan. Aitxuri eskolako atarian jarri dituzte joko hauek eta hainbat haur zein guraso gerturatu dira bertara. Joko hauen berezitasunik handiena mitologian oinarritutakoak direla da.
Jokai konpainiak eskaintzen duen parkea da hau eta mitologiarekin lotura estua duten jokoak izateaz gain, jolas inklusibo, autonomo, sortzaile eta kooperatiboa balioan jarri eta belaunaldien arteko harremanak indartzea du helburu. Konpainia honek eskaintzen dituen jokoen beste ezaugarri berezi bat eskuz eginikoak direla da eta haurrentzat izateaz gain helduentzat ere balio dutela. Horrez gain, badute 0-3 urte bitarteko haurrentzako joko-espazio berezi bat, Montessori gunea deritzena. Bertan, haur txikienek esperimentatzeko eta zentzumenak eta bizipenak manipulatzeko aukera dute eta horretarako daude diseinatuak bertako materialak. Hau guztia izan dute haien eskura gaurkoan Zegamako haur zein gurasoek.
Arratsaldeko 16:00retan eman diote hasiera dibertsioari eta arratsaldeko 19:00ak arte daude bertan. Haurrak eta haien gurasoak izan dira bertara gerturatu direnak gehienbat eta elkarrekin jolasteko eta ikasteko prest azaldu dira, mitologiaren munduan murgildu eta figura desberdinei erreferentzia egiten dieten jokoak esploratuz. Mari, Galtzagorriak, Tartalo eta abar izan dituzte presente gaurko jokoetan eta «ederki» pasa dute gerturatu direnek.
Datorren larunbatean Ataunen izango da Jokai konpainia, berriro ere, goierritarren artean mitologia sustatuz jolasaren bitartez.