Ainhoa Martin eta Jaime Morote garaile Eguberrietako 41. Igeriketa Txapelketan
Egokitutako igeriketan Iñigo Llopisentzat izan zen saria. Jon Osa eibartarrak Gipuzkoako errekorra ezarri zuen 50 metro bizkarreko proban.

Azken unera arte ziurgabetasuna nagusitu zen abenduaren 29an Majori kiroldegian jokatu zen Eguberrietako 41. Igeriketa Txapelketan. Sari banaketan zuzenketa bat ere egon zen. Parekatua izan zen lehia. Azkenean, Jaime Morote madrildarra eta Ainhoa Martin lasartearra izan ziren irabazleak.
Ezustekoak eta errekorrak egon ziren. Goizeko jardunaldian podiumerako faborito zen Juan Segura madrildarra 50 metroko finaletik kanpo geratu zen. Jon Osa eibartarrak, berriz, Gipuzkoako errekorra ezarri zuen 50 metro bizkarreko proban, eta Udane Aiestaran donostiarrak Euskadiko 50 eta 100 tximeleta markarik onenak egin zituen, 30-01 eta 1.05.27 denborekin, hurrenez hurren.
Aurten lehenengo aldiz igeriketa egokituko saria estreinatu zuen antolakuntzak. Aurreko urteetan erakustaldi probak baino ez ziren egin. Iñigo Llopis donostiarrarentzat izan zen saria.
Kira Toussaint holandarra, faborito zena, ez zen azkenean Ordizian izan, antolakuntzak jakinarazi duenez, gaixo jarri zelako bezperan.
Sailkapenak
Emakumeetan:
1. Ainhoa Martin Fernandez (Euskal Selekzioa, 200 metro estilo, 2.14.87, 737 puntu).
2. Sara Costa de Vicente (Gredos San Diego, 100 metro bizkar, 1.00.85, 734 puntu).
3. Mireia Pradell Carrasco (C.N. Barcelona, 50 metro bizkar, 28.16, 720 puntu).
Gizonetan:
1. Jaime Morote Plaza (Real Canoe N.C., 100 metro braza, 59.01, 822 puntu).
2. Ulises Saravia Pelaez (Argentina, 50 metro bizkar, 23.93, 788 puntu).
3. Ignacio Campos Beas (Nados Castellon, 100 metro libre, 48.53, 788 puntu).