‘Escape street’ jolasa antolatu du aldundiak biharko, Ordizian
Bi saio izango dira, taldeka: 17:00etatik 18:00etara, lehena, eta 18:30etik 19:30era, bigarrena. Parte hartzeko www.gipuzkoaturismoa.eus webgunean eman behar da izena.
Ekimenaren kartela. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak ‘escape street’ jolasak antolatu ditu Gipuzkoako herri ezberdinetan, eta bihar Ordizian izango da. ‘Escape room’ jolasen antzerakoa da, baina herrian zehar jarraitu beharko dituzte parte hartzaileek pistak.
Bi saio izango dira, taldeka: 17:00etatik 18:00etara, lehena, eta 18:30etik 19:30era, bigarrena. Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik izena eman behar dute, www.gipuzkoaturismoa.eus webgunean. “Familiak, kuadrilak, escape room-ak maite dituztenak… denbora tarte dibertigarri bat igaro nahi duen oro dago gonbidatuta parte hartzera”, jakinarazi du Azahara Dominguez diputatuak ohar baten bidez. Ekimenaren helburuak jolasaren bidez “udalerri bakoitzaren historian eta kondairetan sakontzea” eta “turismo-fluxuak lurralde osoan modu orekatuagoan banatzea” dira. Zarautzen, Zumarragan eta Tolosan egin dituzte jada, eta Errenterian etzi egingo dute.












