Gorka Izagirre Euskadiko txapeldun ziklo-krosean
Movistar taldeko elastikoarekin jokatu duen azkeneko lasterketa izan da ormaiztegiarrarentzat. Astigarraga legazpiarra eta Irizar zumarragarra ere garaile Master 40 eta kadete mailako lasterketetan.

Muntsaratz Parkean jokatu zen larunbatean Abadiñoko VIII. Ziklo Kros Saria. Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak garaipena lortu zuen elite mailako lasterketan, eta horrekin batera, baita Euskadiko txapeldun titulua ere. Movistar taldeko elastikoarekin jokatu duen azkeneko lasterketa izan da ormaiztegiarrarentzat. 2024an, Cofidis talde frantziarrean arituko da Izagirre, anaia Ionekin batera, berriz ere.
Ez da ormaiztegiarrak Abadiñoko proba mitikoa irabazten duen lehen aldia. Azken aldietan egin bezala, atzetik aurrerako lasterketa egin zuen. Lehia erdialderako lasterketa buruan zegoen bakarrik eta horrela iraun zuen helmugara arte. Profesional mailako partaidetza zabala izan zen Abadiñon; bigarren egin zuen, esaterako Jonathan Lastrak (Cofidis) eta hirugarren, Aitor Hernandezek (Ermuko).
Izagirre ez da, hala ere, Abadiñon markaren bat erdietsi duen txirrindulari goierritar bakarra izan. Master 40 gizonezkoen mailan Euskadiko txapeldun izan da Legazpiko Telleriarte Txirrindulari Elkarteko Iñaki Astigarraga —bigarren sailkatu zen Abadiñoko lasterketan—. Kadete mutilen mailan, Urretxuko eta Zumarragako Zatika taldeko Aner Irizarrek eskuratu zuen txapelketa.

Gorka Izagirre, irudiaren erdian, eta gainontzeko Euskadiko txapeldunak, Abadiñon.