Ordiziako Udalak 20.365.263 euroko aurrekontua onartu du
Abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2024rako aurrekontua, EH Bilduren aldeko zazpi bozkekin, EAJren (6) eta PSE-EEren (1) abstentzioekin eta Ordizia Orainen kontrako bi bozkekin.

Ordiziako Udalak 20.365.263 euroko aurrekontua onartu du 2024rako. Abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak proposamena. Aurrekontuan 5,5 milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dira, zatirik handienak Oiangu parkeko aterpetxea eta eraikina eta Plaza Nagusia eraberritzeko izango direlarik.
EH Bilduren aldeko zazpi bozkekin, EAJren (6) eta PSE-EEren (1) abstentzioekin eta Ordizia Orainen kontrako bi bozkekin onartu zuten aurrekontua. 2024a “inbertsio urtea” izango dela iragarri du Adur Ezenarro alkateak. Zehazki, 5.543.739 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarako, kantitate handiena Next Generation diru laguntzetako lerroak garatzeko. Batetik, turismo lerroan 2.499.616 euroko inbertsioa zehaztu dute Oiangu parkeko aterpetxea eta eraikina eraberritzeko eta gaztandegi berri bat egiteko. Bestetik, merkatuaren lerroan, 1.171.605 euroko inbertsioa aurreikusi dute, Plaza Nagusia eraberritzeko eta horren bueltako ekimenetarako. 2,9 milioi euroko diru laguntza jaso zuen udalak Next Generation laguntzetatik.
Tximista-San Joan zatiko bidegorri lotura ere jaso dute aurrekontuan, milioi erdi eurorekin. Next Generation laguntzak eskatu ditu udalak horretarako.
Next Generation diru laguntzetatik harago ere zehaztu dituzte inbertsioak. Urdaneta ikastetxea eraberritzeko lehen fasea egitea aurreikusi du udalak. 700.000 euroko inbertsioa litzateke, eta horietatik 360.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarriko lituzke. Zuhaizti zentroari dagokionez, bigarren faseko lanak hastea aurreikusi dute. 317.037 euroko inbertsioa da eta Gipuzkoako Foru Aldunditik 286.000 euro jasoko ditu udalak.
Aurreikusitako beste egitasmo batzuk dira Ordiziako Parke Sarea egokitzen jarraitzea (100.000 euro), kale argiteria berritzea (100.000 euro), Altamirako eskola zaharreko teilatua konpontzea (78.650 euro), Majori kiroldegian berrikuntzak egitea (70.000 euro) edota auzoetan komunak jartzea (60.000 euro).
Azken urteetako garapena
Iazko aurrekontuetarako ez zuen adostasunik lortu Ordiziako Udalak. Hori dela eta, 2022ko aurrekontuak luzatu zituzten. Aurten bai, ordea. Azken urteetako aurrekontuei erreparatuta, handiagoa da 2024koa, jasotako diru laguntzengatik. 2018koa 14.153.919 eurokoa izan zen, 2019an ez zen onartu, 2020koa 13.993.331 eurokoa izan zen, 2021ekoa 13.771.834 eurokoa, eta 2022koa 15.562.379 eurokoa.
Alderdien posizioa
Aurrekontuen lanketa uztailean hasi zuten. Alkateak jakinarazi duenez, “lan handia” egin dute 2023a amaitu aurretik 2024ko aurrekontua onartzeko. “Bereziki garrantzitsua” izan da haren esanetan Majoriko aurrekontuaren lanketa, “batez ere kiroldegiaren kudeaketarako lizitazio berria atera behar delako, eta lizitazio berri horren kalkuluak izan arte ezin delako udalaren ekarpena kalkulatu”.
EAJk sei zinegotzi ditu Ordiziako Udalean eta seiak abstenitu egin ziren bozketan. Alderdiak hedabideetara helarazitako ohar batean azaldu du ez zutela alde bozkatu, ez direlako “EAJk aurkeztuko lituzkeen aurrekontuak”, baina “ardura ariketa bat” egin dutela “berriz ere luzatutako aurrekontuak ez izateko”.
Ezenarro alkateak aldeek aurrekontua onartzeko erakutsitako “prestutasuna eta jarrera eraikitzailea” azpimarratu ditu, eta “esker ona” adierazi die “egindako ariketarekin udal aurrekontuak aberasteko egin dituzten ekarpenengatik”.