Arkeologia espazialaren liburua eta urtekaria atera ditu Barandiaran Fundazioak
Hiru kobazuloren ikerketa 3Dn egin du Iñaki Intxaurbek. Barandiaran Bekaren bidez argitaratu dute ‘Ilunpeetako sekretuak argiztatzen’ lana. Eusko Folkloren, berriz, kirola langai.
Ikerketarako lan arkeologikoak egiten./Hitza Urte zaharra agortzerako, bi argitalpenerekin aberastu du Barandiaran Fundazioak euskal arkeologiari eta gaiei buruzko bilduma. Batetik, Iñaki Intxaurbek koordinatutako ikertzaile taldeak Ilunpeetako sekretuak argiztatzen liburua ondu du, Barandiaran Bekaren laguntzarekin arkeologiari eskainita. Bestetik, Eusko Folklore Urtekaria ere kalean da, kirolaren inguruan.
2022ko beka jaso zuen taldeak Euskal Herriko hiru kobazulo apainduren ikerketa espaziala burutu du. 3D teknologiaz, Santimamiñe (Bizkaia), Altxerri (Gipuzkoa) eta Etxeberri (Zuberoa) kobak arakatu dituzte, haien erreplika digitalak egiteko.

Ikerketarako lan arkeologikoak egiten./Hitza
Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia departamentuko doktoratu aurreko ikerlari Iñaki Intxaurbe Alberdik jaso zuen Barandiaran Fundazioaren ikerketa beka 2022an. Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Maria Angeles Medina doktoreak izan zituen lagun, eta lan horren fruitua da Barandiaran Bildumaren 23. zenbakian jasotzen dena.
Urtekarian, Uxue Fernandezen lan bat
Madeleine aldiko (duela 13.500 eta 16.920 urte artean) labar artea gordetzen dute hiru kobazulo horiek. Fundazioaren webgunean eskura daiteke Ilunpeetako sekretuak argiztatzen liburuaren bertsio digitala, doan.
Bigarren argitalpenean, Eusko Folklore Urtekariaren 57. zenbakian, kirolaren antropologia jorratu dute. Sei artikuluk osatu dute, beste hainbat egilerenak. Tartean, Uxue Fernandez Lasa urretxuarraren “Emakume pilotarien genero identitatearen eraikuntza: nola gorpuzten da feminitatea?” lana dago.
Interneten kontsulta daiteke Eusko Folklore ere.












