'Eraikuntzarako materiala' landuko du irakurle taldeak
Urtarrilaren 19an elkartuko dira liburuaz hitz egiteko, Barrena kultur etxean, 18:00etan.
Ordiziako irakurle taldeak Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburua landuko du hurrengo saioan, urtarrilaren 19an, 18:00etan, Barrena kultur etxean. Parte hartu nahi duenak liburua liburutegian eskuratu dezake, eta informazio gehiagorako ere bertara jo dezakete interesa dutenek.
Aita baten eta alaba baten arteko harreman arrotza kontatzen du eleberriak. Harreman hori zeharkatzen du hondamendiak eta heriotzak, eta erabat kutsatuta dago alkoholagatik. Narratzaileak iktus unitateko gela batean hasiko du kontakizuna. Aitak iktus bat sufritu du eta ospitalean dagoela alabak berarengana hurbiltzeko ahalegina egingo du. Alabak eguneroko baten moduan egingo du kontakizuna lehenik, ondoren aitari hitz egingo dio zuzenean, baina hirugarren pertsonan kokatuta bere burua. Azkenik, aitaren ahotsa ere azalduko da iraganeko gutunen bidez.