Igartubeitik ia %27an handitu du bisitari kopurua 2023an
Ezkioko zentroak pandemia aurreko bisitarien kopurua gainditu du. Sagardoaren Astea eta Barne Begiradak proiektua gakoak izan dira gorakada honetan. Uda garaian, atzerriko bisitarien kopurua bikoiztu egin da.
Igartubeiti baserri museoak iaz baino «%26,7 bisitari gehiago» izan ditu 2023an zehar. Urte «positibotzat» jo dute 2023a Igartubeitin, «pandemia aurreko bisitarien kopurua berreskuratzeaz gain, %30ean gainditu» baitu ordukoa. Urrian egin zuten Sagardoaren Astea eta urte hasieran gauzatu zen Barne begiradak proiektu berritzailea gakoak izan dira gorakadari dagokionean.
2023ko programazioa Barne begiradak. Sorkuntza garaikidea landartasunetik proiektuarekin hasi zen. «240 pertsona baino gehiagok eta 30 eragile sortzailek» hartu zuten parte bertan. 2022ko lehendabiziko lauhilekoarekin alderatuta, %41 hazi da bisitari kopurua aurten, epealdi berean. Urriaren 10etik 17ra egin zen Sagardoaren Astean ere jende ugari joan da Ezkioko baserrira «taldean edo familian bertako dolarea martxan ikusi eta kirikoketaz eta antzerkiaz gozatzera». 2023Ko programazioaren baitan Euskadi Gastronomikak antolatutako Mundua lau zaporetan margotuta erakusketa eta Sagar Txotx! jarduera ere azpimarratu dituzte Igartubeititik.
Atzerriko bisitariak gora
Jatorriari begiratuta atzerriko bisitarien «gorakada nabarmena» azpimarratu dute udako hilabeteetan zehar; «bikoiztu» egin baita 2022ko datuekin alderatuta. Gainontzeko urtaroei dagokienean «mantendu» egin dira atzerritik eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik etorritako bisitarien zenbatekoak, baina «%3 egin du gora» Espainiatik etorritakoenak. Horien artean, batez ere, «Katalunia, Madril eta Valentzia» herrialdeetakoak.
2024ko programazioa prest dute jada eta orain arte bezala, Igartubeitik «jakintza tradizionalak biziberritzen» jarraituko du bere eskaintzaren eskutik. Eskutik eskura eta Ogibideak lehen eta orain proiektuak nabarmendu dituzte. Lehenengoari dagokionean, «jakintza tradizionalari buruz hausnartzea, jasangarritasunari buruzko gaietan kontzientziazioa eragitea eta eskuekin sortzea» izango ditu helburu. Ogibideak proiektuan, aldiz, «ahozko memoria landuko da Ezkio-Itsasoko eskolako ikasleekin».