Sagardo Asteari hasiera eman diote Igartubeitin
Gaurtik hilaren 17ra bitartean izango da Sagardo Astea, eta egunotan antzezpenak eta erakusketak egongo dira, besteak beste. Irekiera ekitaldia egin dute gaur.
Sagardo astearen irekiera ekitaldia, Igartubeitin. / Argazkia: Leire Perlines - Goierriko Hitza Igartubeiti baserri museoan Sagardo Asteari eman diote hasiera, eta irekiera ekitaldiaren ondoren prentsaketa lanei ekin diete sagardoa egiteko.
Sagardo Astea ospatuko dute Igartubeitin gaurtik urriaren 17ra bitartean, eta goizean izan da irekiera ekitaldia. Jendetsua izan da gainera, ikasle multzo ezberdinak elkartu baitira sagar prentsaketa ikusteko.
Egunari hasiera Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak eman dio, eta Jon Luqui Urola Garaia Mankomunitateko presidenteak, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak, Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuek hartu dute hitza jarraian. Parte hartze laburrak izan dira horienak, baina Goierriren zein Igartubeitiren berezitasunak goraipatu eta nabarmendu dituzte denek.
Baserri museoaren atarian aurkezpena egin ondoren, barrura sartu eta dolarea martxan jarri dute Sagardo Asteko lehenengo prentsaketa egiteko. Kirikoketaren erritmora dolarea martxan jarri duten bitartean, Igartubeiti baserriaren istorioa kontatu dute, baita garai batean bertan bizi zen familiak sagarra nola prentsatzen zuen ere. Horretaz gain, ikusleek prozesua ulertze aldera, antzezpena azaldu dute, sagarrak atera dituztenetik zukua egin den arte zein pausu eman dituzten azalduz.
Goizari amaiera emateko, luncha izan dute bisitariek.












