Iñaki Maiorak herritarren aitortza jasoko du
Iñaki Maiora txirrindulari profesional ohiari omenaldia egingo diote igandean, Ormaiztegiko 52. Ziko-Kros Probaren harira. Maiora Ormaiztegiko Udabarro baserrian jaio zen 1954ko ekainaren 2an. 17 urterekin hasi zen txirrindularitzan, gazteen mailan. Aurten 50 urte beteko dira, lehenengoz Ormaiztegiko Ziklo-Kros proba irabazi zuenetik.
Sei aldiz izan da Ormaiztegiko probaren irabazlea; bost aldiz irabazi du Espainiako Ziklo-Kros txapelketa eta lautan Euskadikoa. Aretxabaletako nazioarteko kriteriumean eta Valladolid, Santander, Bartzelona, Pontevedra, Madril, Asturias, Igorre, Ordizia edo Donostiako ziklo-kros probak ere irabazi ditu. Munduko Ziklo-Kros proban 13 aldiz izan da partaide.
Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako selekzioetako hautatzaile izan da. 1996an Gaizka Lejarretarekin batera zilarrezko domina eskuratu zuen Montreuilen (Frantzia). Kas, Basque Zeus, Orbea Danena, Teka eta Razesa taldeetako kide izan da.