Izagirre anaiak faborito igandean, Ormaiztegiko Ziklo-Kros proban
Lastra iazko txapelduna ere izango da igandeko proban. Olatz Odriozola da irabazteko hautagaia elite emakume mailan. Guztira, 187 txirrindularik eman dute parte hartzeko izena.
Ormaiztegiko 52. Ziklo-Kros Proba igandean jokatuko da; ohi bezala, Euskal Herriko egutegiko azkenekoa izango da. Azken urteetako egitura berari eutsiko dio Espainiako lasterketa beteranoenak; lau lasterketa jokatuko dira mailaka bereizita. 10:00etan, master 40 eta master 50 beteranoak; 11:00etan, kadeteak, neskak eta mutilak; 12:00etan, junior mutilak eta neskak, eta emakumezko elite eta 23 urtepekoak eta 13:00etan, profesional eta elite gizonezkoak, master 30 eta 23 urtez azpiko gizonezkoak.
Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarte antolatzaileko kide Angel Elortzaren iritziz «Izagirre anaiak eta Jonathan Lastra» dira faborito nagusienak. Sorpresarik ezean Cofidis taldeko hiru txirrindularien artean jokatuko da garaipena: «Lastra iaz oso ondo ibili zen —txapelduna izan zen Ormaiztegiko proban—; Ion aurten ziklo-krosik korritu gabe dago eta kostako zaio; Gorkak hiru bat probatan parte hartu du eta forma onean dago», dio Elortzak. Pasa den larunbatean Euskadiko txapeldun izan zen Abadiñoko Ziklo-Kros proban.
Elite emakumezkoetan «Olatz Odriozola» da faborito nagusia. Aurten ere, Euskadiko ziklo-kros txapeldun titulua eskuratu du urnietarrak, Abadiñon, Gorka Izagirrerekin batera lasterketa irabazi eta gero. Odriozolarekin batera, Maria Modenesek ere podiumean egoteko aukera handiak izango ditu.
Gainontzean ziklo krosean aritzen diren «gehientsuenak» izango dira Ormaiztegin igandean. Elite mailan Aitor Hernandez edo Mikel Mujika legazpiarra izango dira parte hartzaileen artean. Goierriko harrobiko eta afizionatuetako txirrindulari gehientsuenak ere bertan izango dira, tartean «kadete mailan oso ondo dabilen» Aner Irizar (Zatika) zumarragarra ere bai.
Lokatzak baldintzatuta
Gaur eguerdian itxi da izen ematea, 187 txirrindularik eman dute igandeko proban parte hartzeko izena. Ohiko zirkuitua prestatuko dute, «pandemiaz geroztik urtero egin izan dugun berbera». 2.500 metro luzekoa da, eskola, kiroldegia eta Itxune taberna inguratzen dituen eremuan. Helmuga bainuetxe zaharraren parean kokatuko dute. «Zirkuitu laua da orokorrean, hormigoizko aldapa piko bat dago, baina gainontzean guztia da zelaia. Lokatzak baldintzatuko du ibilbidearen zailtasuna», azpimarratu du Elortzak.
Hain zuzen, eguraldi iragarpenak euria aurreikusten du datozen egunetarako eta lokatza «ziurtatuta» egongo da, hortaz, igandean. Horrek ibilbidea «astunagoa» egingo du.