Joxe Mari Zeberio ataundarrak jasoko du Enbaren Baserritarron Laguna saria
Lehen sektorearen egituratzearen alde eta familia nekazaritzaren defentsan urteetan egindako lana aitortu nahi dio sindikatuak.
Joxe Mari Zeberio Begiristainek (Ataun, 1949) jasoko du aurten Enba nekazal sindikatuak banatzen duen Baserritarron Lagunak saria. Urtarrilaren 26an egin du Enbak batzar nagusia Hernaniko Orona fundazioaren auditorioan, eta ondoren egingo dute sari banaketa ekitaldia. Aurtengoa 6. edizioa izango da. Lehen sektorearen egituratzearen alde eta familia nekazaritzaren defentsan urteetan egindako lana aitortu nahi dio sindikatuak.
Ataunen jaioa izan arren, berehala Andoaingo baserri batera joan zen bizitzera familia. Enba sindikatuak adierazi duenez, bere ibilbidean zehar helburu bakarra izan du: lehen sektorearen eta familia baserriarentzat etorkizun duinaren alde lan egitea. Helburu horrekin, Candido Iturriaga eta Maria Dañobetitia Fundazioan jardun zen eta handik bultzatuta, baserritarren egituratzea bultzatu zuen bai sindikalgintzan bai kooperatiba edota gestio etxe dagokionean.
Baserria, baserritarrak eta beren familien duintasuna aldarrikatzeaz gain, “gogor jardun da haien alde” eta zerbait azpimarratzearren, 1999an Munduko Landagunearen -Foro Rural Mundial– sorreraren gidaritza aritu zen. “Lan horren isla da gaur egun mundu osoko 35 miloi nekazarien ordezkari diren 51 eragilez osatutako sarea”.
Munduko Landagunean egindako lan eskerga horren ondorioz, Familia Nekazaritza kontzeptua eta aldarria “nazioarteko agenda politikoan” txertatu dela nabarmendu du Enbak. “Nazio Batuen Erakundearekin eta FAOrekin aurrez aurreko harremana lortu da lan hori dela eta, eta Familia Nekazaritzaren Hamarkada onartu zen 2017 urteko abenduan”.