Lazkaoko jaietan ETS, Gatibu eta Joselu Anaiak entzun nahi dituzte inkestatuek
San Prudentzio festen prestaketarako ekarpenak eta iritziak jaso dituzte. Galdetegia erantzun dutenen egunik gustukoena mozorrotuena da.
Lazkaoko San Prudentzio jaietarako nahiak edo eskariak ezagutzeko inkesta bat egin zuen abenduan udalak, eta haren emaitzak jakinarazi ditu orain. Kopururik zehaztu gabe, parte-hartze «nabarmena» izan duela esan du udalak.
Iritzia eman dutenen artean, jaietako egunik gogokoena mozorrotuena da gehienentzat. Danborradaren falta sumatzen duenik bada, eta, orokorrean, «herritarren inplikazio» gehiago behar dela iritzi dute.
Festetan «musika gehiago» nahi dute inkestatuek, baita gazteentzako jarduera gehiago ere. Zein musika talde ekarriko liratekeen galdetuta, bozkatuenak ETS En Tol Sarmiento, Gatibu eta Joselu Anaiak izan dira.
Bi kirolariri aitortza
Gabon aurrean, bestetik, Haizea Aldasoro gimnastari eta Ainhitze Arratibel pilotariari aitortza publikoa egin die udalak, ohar baten bidez. Bi gazteen kirol lorpenak zoriondu dituzte.
Aldasoro gimnastika erritmikoan Espainiako txapeldun izan zen, taldeka. Arratibel, berriz, Emakume Master Cup txapelketako lau t’erdiko modalitatean, haur mailan.