‘Nondik’ aldizkarian 46. zenbakia Ataungo gai ugariri eskaini diete
Papereko edizioa etxerik etxe banatu dute. Bertsio digitala eska dakioke Atauniker elkarteari.
Atauniker kultur elkarteak Gabon astean argitaratu zuen Nondik herri aldizkariaren 46. zenbakia. Ataungo etxe eta baserrietan banatu dute, eta PDF bertsio digitala jaso nahi duenak ataunikertaldea@gmail.com helbidera idatzita eska dezake. Aldizkarian datorren lehiaketako erantzuna bidaltzeko epea, bestetik, urtarrilaren 7ra artekoa da.
Aldizkariak 44 orrialde ditu, eta 2023an Ataunen nabarmendu diren hainbat gai landu dituzte, bai Ataunikerrek berak garatutakoak, bai herriko albisteak eta gertakariak. Azaleko gai nagusira Joxe Arratibel Zurutuza idazlea eraman dute –abenduaren 6an oroitu zuten haren jaiotzaren mendeurrena–, baita Bilboko Mendi Filmen aurkeztutako Leizeta dokumentala ere.
Iñaxi Urbiztondo ataundarraren bertso galduez artikulu bat idatzi du Joseba Aurkenerenak.
Herritar ugari idazle
Urtekarian partaide askok utzi dute testigantza. Zumarragako Trikitixako Migel Urteaga pandero jotzaileari Joxerramun Munduatek egindako elkarrizketa ageri da Nondik-en, baita Jokin Apalategiren gogoeta bat, Jon Etxeberria erlezainaren aholkuak, gaur egungo arkitekturaren norabideak (Aitor Munduate), eta beste hainbat kolaborazio ere.
1953ko uholdeak, 1993ko Everesteko igoera (Joxe Ramon Agirre Marron-ek), eta beste zenbait ataundarrek idatzitako testuak ekarri dituzte, kirolariak zein bateko eta besteko elkarteetan lanean ari direnak.
Ataungo Atzoko Gaztek mendizaleek 2019tik egindako 180 mendi irteeraren zerrenda eman dute, baita Ataungo alderdi politikoen eta bertan jaiotako politikari profesionalen testuak ere.