Lau hitzaldi, argazki sariketa eta bi erakusketa matematika sustatzeko
Ostiralean emango diote hasiera ‘Urtarrila, matematikaren bila’ zikloari, Lemniskata zientzia sare herrikoiaren ekimenez. Matematika herritar guztiei gerturatzea da helburu nagusia.
Matematikak hilabete bat badu, urtarrila da hori. Urtarrila, matematikaren bila zikloa hastear da Beasainen, Lemniskata zientzia sare herrikoiak bultzatuta. Zientziaren dibulgazioan urteak daramatza elkarteak eta aurten ere ez dute hutsik egingo matematika herritar guztiei gerturatzeko ahaleginean. Aurtengo edizioak matematikaren inguruko lau hitzaldi eta argazki lehiaketa bat izango ditu, sari banaketarekin. Bi erakusketa ere izango dira.
Ostiralean, urtarrilaren 12an, 19:00etan, Beasaingo Igartza jauregian emango diote hasiera aurtengo matematika zikloari. Esan, lau hitzaldiak Igartzan leku hartuko dutela eta ordu berean izango direla, 19:00etan.
Jose Inazio Royo izango da lehenengo gonbidatua. Matematikan doktorea, ikerketaren eremuan lan egiten du. Dibulgazioan ere badu esperientzia. Ostiraleko hitzaldian, Eulerren formularen jira-biran arituko da. Eulerren formula ospetsuak poliedro baten ertz, erpin eta aurpegi kopuruen arteko erlazioa deskribatzen du, matematikaren teorema eder, emankor eta sakonenetariko bat sortuz. Formula horren jatorria eta frogatzeko saiakerak -batzuk okerrak ziren- eztabaidatuko ditugu, baita mendeak pasa ondoren formula horri esker sorturiko matematikak, ere.
Judith Rivas izango da bigarren gonbidatua. Matematikan doktorea da Rivas eta irakaskuntzan lan egiten du. Proposamen bitxi batekin izango da Beasainen. Hain zuzen ere, dantza guztietan, eta bereziki euskal dantzetan, matematikak ere presentzia duela demostratuko du.
Alvaro Martinez Sevilla izango da hurrengo hizlaria. Matematikan lizentziatua, irakaskuntzan, dibulgazioan eta bestelako proiektuetan egin du bide profesionala. Makina geometriko zaharrak izango ditu hizpide.
Laugarren eta azken hitzaldia, Santiago Fernandezek emango du. Matematikan lizentziatua, irakaskuntzan eta dibulgazioan jardun du batik bat. Beasainen, matematiken edertasunaz hitz egingo du.
Erakusketak
Urtarrila, matematikaren bila zikloan, bi erakusketa izango dira. Batetik, orain arte ikusi ez diren Goierriko argazkiak jasotzeko lan izugarria egiten ari da Martin Garzia Garmendia. XIX mende hasierako argazkiak dira. Lazkaoko Kultur Etxean izango da hau, eta laster Ordizian eta herri gehiagotan izango da. Gogoratu, Lemniskata kaierak bildumaren 7.alean jaso duela egindako lana eta salgai dagoela 15 euroan.
Bestetik, urtarrileko zikloan klasiko bat bihurtu dena, matematika argazki lehiaketari dagokiona. Aurtengoa, 10. edizioa da. Otsailaren 2an irekiko dute, lehiaketaren sari banaketaren egunean, hain zuzen ere.