Ataundarrak mediku-zerbitzuaren defentsan plazara atera dira
'Osakidetza larrialdian' dela ohartarazteko, eta urtarrilaren erditik aurrera herria medikurik gabe gera litekeela salatzeko, herritarrek protesta egin dute.
Ataungo herritarrak San Martin auzoko plazara atera dira, gaur iluntzean, zazpiak jo orduko. Osakidetza larrialdian zioen pankarta zabaldu, eta haren atzean eta udaletxeari begira elkartu dira hainbat eta hainbat ataundar. EAEko osasungintza publikoaren kudeatzailearen osasun egoera deitoratu dute, hitz joko horrekin.
Isilean, Ataunen urtarril honen erdialdetik aurrera herrian bertan batere medikurik gabe geratu daitezkeen mezu ozena aireratu dute. Herrian zeuden bi medikuetako bat, San Martingoa, iaztik falta da, ordezkorik ez baitu izendatu Osakidetzak. Orain, San Gregorioko kontsultan lan egiten duen medikua beste herri batera doala eta, bigarren hori ere gabe geratzekoak dira. Haren partezkorik ez dela etorriko ere etsita daude ataundarrak.
Sinadura bilketa egiten ari dira, zenbait herritarrek antolatutako protesta-ekimenak administrazio publikoaren aurrean eskari ahalik handiena aurkezteko. Gaurko protestaren aurretik, udaletxeko arkupean jarritako mahaian bildu dituzte osagile publikoaren zerbitzua herrian bertan jasotzeko eskubide-eskaera sustengatzeko helegite-orriak.
“Lehen ere ederki kostatu zitzaigun Ataunen bigarren medikua jartzea. Urtebetean herritarrek geure poltsikotik jarritako diruarekin ordaindu genuen, harik eta bigarren plaza izendatu zuten arte. Orain, bat-bat, ez bat, bi medikuak kenduko dizkigute. Harrigarria da”, zioen edadeko ataundar batek, garai bateko aldarrikapen eta asistentzia sozialen eskari berberek 2024an duten gaurkotasunarekin gogaituta.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea