Ataunen 2,3 milioi euroko udal aurrekontua onartu dute, bi taldeek aho batez
Diruaren laurden bat bideratuko du udalak inbertsioetara. Kiroldegiko gimnasioa handituko dute. Eguzki-plakak jartzea eta HAPO arauak berritzea dira beste bi egitasmo, lurrekin batera.
Ergoeneko haur jolas parkea berritu du udalak oraintsu, baita Aia auzoko parkea ere. // ARGAZKIA: Hitza Ataungo Udalak 2.380.310,03 euroko aurrekontua izango du hasi berri den 2024. urterako. Abenduaren 21eko udalbatzarrean aho batez onartu zuten bi udal taldeek. Udal gobernuko EH Bilduko zinegotziek bezala, aldeko botoa eman zioten EAJko zinegotziek ere.
Adostasuna nabarmendu du udalak. «Aurrean ditugun erronkei erantzuteko, nahitaezkoa da guztion esku-hartzea, proiektu nagusietan norabide berean lan egitea». Abian diren proiektu eta egitasmo zenbait izango dira erronka aurtengo urtean udalarentzat. Hirigintza Arauen berritzea, Botika etxearen erabilera zehazteko proiektua, edo trantsizio ekologikoaren ildoan sar daitezkeen jarduerak.
Diru-banaketari dagokionez, lau zati nagusitan banatzen da tarta estatistikoa: langilerian %28, inbertsioetan %23, mantenimenduan %20, eta gainerako laurdena elkarteen diru laguntza, ekitaldi kultural eta gizarte arloko estaldurek hartuko dute.
«Herri bizigarria» ipar, udal zerbitzuak «indartu», auzoen arteko orekari eutsi, kalitatezko kultur ekitaldiak antolatu, ingurumena zaindu eta beharrezko azpiegiturak eta lanak egin, eta bertako produktuak lehenestea dira aurrekontuen helburuak.
Inbertsioetan 551.000 euro
Aurrekontuaren ia lautik bat hartuko dute inbertsioek, guztira 551.000 euro. Iaz abiatutako HAPO hirigintza arauak berritzen aurten amaitu nahi du udalak, goragoko enteei igortzeko.
Eguzki-plaken instalazioa izango da beste jarraipen bat. Iazko diruekin, eskolan kokatuko dituzte aurki, eta aurten San Gregorio eta Aia auzoetara iritsi nahi dute. «Oraingoz udal eraikinetan ari gara jartzen. Geratzen denarekin, ikusiko dugu zer eta nola egin. Energia komunitatea sortzeko nahiarekin ere bagabiltza», azaldu du Martin Aramendi alkateak.
Azpiegitura arloan, gimnasioa handituko dute. Proiektua egina dago, eta Auzoeta kiroldegiko bi aldagela handietako bat, gimnasioaren kontra dagoena, egokituko dute. Horma bota, eta gimnasioari espazio gehiago emango diote. «Eskaria badago, eta txikiegi geratu zaigu, arratsaldeetan batez ere. Erabiltzaile kopurua ere hazi da», dio alkateak.
Eskolako parkea irizpide inklusiboen arabera berritzeko, berriz, aurten eskatuko dute diru laguntza.
Lurraldearen kudeaketaren arloan, lur sailak erosten segituko du, habitatak berreskuratzeko. «Pinua dagoen sailak erostea da asmoa, bertako espezieak landatzeko. Batzuk martxan badauzkagu, eta beste batzuk erosteko asmoa dag. Jaurlaritzan laguntzak eskatuta dauzkagu».
Landalurrak mugatzeko proiektuan 3. fasea martxan jarri dute, bestetik; 5, 6 eta 9 poligonoak mugatuko dira. «Horiek eginda, lehen 9 poligonoak eginda geratuko lirateke, eta beste urte bat faltako litzaiguke ondoren, udalerri dena mugatzeko».
Botika etxerako proiektua
Aurrekontuan diru sail bereziturik sartu ez arren, San Martingo plazako Botika etxeko obrari ere helduko dio udalak. Proiektua esleitzeko lizitazioa martxan jarri dute jada. «Esleitu, idatzi eta diru bila hasi, iruditzen zaigu urtea joango zaigula. Dena ondo joango balitz eta urte bukaerarako hori dena eginda egongo bagina, agian obra ere hasiko genuke. Baina zaila izango da».
Aiako eta Ergoienako haur jolas parkeak berritu izanaren berria zabaldu du, bestetik. 36.133 eta 18.867 euro kostatu dira, hurrenez hurren. Udalak finantzatu ditu osorik.
ATAUNGO 2024 AURREKONTUA
Kontu sailak
- Langileria. Udal langileak, kargu politikoak, begiraleak… 680.500 euro
- Mantentzea. Eraikinak, baserri bideak, auzoak. 490.000
- Inbertsioak. 551.760
- Elkarteak. Lankidetza itunak herriko, eskualdeko zein kanpoko elkarte eta erakundeekin. 283.410
- Gizarte politikak. Familien larrialdi laguntzak, etxez etxe, berdintasuna, adinekoak eta gazteen dinamizazioa. 176.000
- Festak eta kultura. 134.000
- Besterik. Mailegua, zerbitzu kontratazioa, irisgarritasuna, euskara ikasteko… 64.000












