Auto elektrikoen karga gune berriak, Ordizian eta Beasainen
Ordiziakoa lehenengoa da eta Lukusin plazan dago. Beasaingoa, bigarrena, Gipuzkoa plazan jarriko dute.
Ordizian auto elektrikoak kargatzeko lehenengo karga gunea jarri du udalak. Beasainen, berriz, bigarren puntu bat jarriko duela iragarri du udalak, Gernika pasealekuko guneari batuko zaiona.
Ordiziako Udalak duela hilabete batzuk ezarri zuen auto elektrikoak hornitzeko lehen gunea. Puntu bikoitza da, aldi berean bi ibilgailu karga daitezke. Lukusin Plazan dago, Nafarroa eta Filipinak kaleen artean. «Mugikortasuna zein energiaren kontsumoa guretzat oso garrantzitsuak dira, eta horregatik estreinatu dugu karga puntu berri hau», azaldu du Maitane Alvarez alkateordeak. 8:00etatik 20:00etara egongo da erabilgarri, eta auto ezberdinak kargatzeko aukera egon dadin, gehienez hiru orduz erabili ahal izango da kotxe bakoitzeko. Gehienez 55KWko potentziadun karga puntua da.
Beasaingo Udalak, aldiz, bigarren gunea jarriko duela iragarri du. Gipuzkoa plazan kokatuko dute, Zaldizurreta kaleko 19 zenbakiko eraikinaren ondoko bateriako aparkalekuetan. Lau ibilgailu hornitzeko bi puntu izango dira: 44KW potentziadun bi karga puntu bikoitz, 22KWko potentzia eskainiko diona ibilgailu bakoitzari.
«Egonkor»
Gernika pasealekuko karga gunea iazko martxoan jarri zuen Beasaingo Udalak, 50 KWko potentziadun puntu bikoitzarekin. Udalak adierazi duenez, «zerbitzua egonkortu egin dela ikusita eta mugikortasun elektrikoa sustatzeko helburu anbiziotsuenak aintzakotzat hartuta» erabaki dute bigarren karga puntua jartzea.