Funtzio kognitiboak indartzeko Exercita programa abiatuko dute bigarrenez
Kognitiboki osasuntsu eta arazo arinak dituzten pertsonei dago zuzenduta. Sei hilabeteko programa da eta norbere beharretara egokitu daiteke. Informazio bilera asteazkenean egingo dute.
Osasun kognitiboa zaintzea helburu duen Exercita programa abiatuko du berriz ere Beasaingo Udalak, Cita Alzheimer Fundazioarekin batera. Bigarren edizioaren bilera informatiboa asteazkenean, hilak 11, egingo dute, 11:00etan, Usurbe Antzokian. Udalak, bere aldetik, gutun bidez dei egin die ekimena intereseko izan dakieken 60 urtetik gorako beasaindar guztiei.
Exercita programa kognitiboki osasuntsu edo arazo arinak dituzten pertsonentzat dago zuzenduta. sei hilabeteko iraupena izango du eta lau modalitate eskainiko dira, norbere beharretara egokitzeko aukera emanez: Modalitate klasikoa, etxean egiteko estimulazio kognitiboa lantzeko ariketa liburuen bidez eta astean hiru saio eginez; Plus presentziala, liburua eta tailer presentzial bat egingo dira hilero Beasainen; plus online , presentzialaren berdina baina bideo-dei bidez egingo dena; eta nahieran modalitatea, liburuak egiteaz gain, saio bakoitzeko gaiei dagozkien edukiak plataforma digital batera igoko dira, aurkezpenekin eta laburpen bideoekin.
Helburua da, egunerokotasunean ohitura kognitibo onak ezartzea, zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko ohiturak hartzea, gaitasunak indartzea eta zaintzea eta gizarte harremanak sustatzea. Orain arte pilatu duten esperientziarekin, programara batu diren pertsonengan onurak izan direla nabarmendu dute.
Hala, Exercita programan parte hartzeko deia egin dute Beasaingo Udalak eta Cita Alzheimer Fundazioak. Biahrko bileran parte hartu ezin dezaketen haiek, exercita@cita-alzheimer.org epostara idatzi edo 943 02 17 92 telefono zenbakira deitu dezakete, izena eman edo informazioa eskatzeko.