Garingo mendi lasterketan izena emateko epea zabalik dago
Urtarrilaren 21ean jokatuko da Goierri Trail Kopako lehenengo lasterketa izango dena. Aurtengoa 10. edizioa izango da.
Garin mendi lasterketak irekiko du urtarrilaren 21ean Goierri Trail Kopa. Goierriko egutegiko lehenengo mendi lasterketa hau, Beasaingo Garin auzoko festen barruan jokatuko da eta 10. edizioa izango da.
Igande horretan, tradizioari eutsiz, Jesus Mari Lasak karrakarekin emango dio irteera Garin inguruko mendietan egingo den probari. 11:00etan abiatuko dira lasterkariak. 11 kilometroko eta 574 desnibeleko zirkuitua osatu beharko dute, helmugako arrastoa gainditzeko.
Lasterketa honek badu beste berezitasun bat, sariak, hain zuzen ere. Garaikurrak eskuz eginak dira. Iñaki Andreu auzotarra da egilea eta urtero lan desberdin bat egiten du. Aurten, teila batean eskuz marraztu ditu Garin auzoaren ikuspegia edo etxeak eta lasterkari bat. Lasterketako irabazleentzat garaikurra izango den honek, mezu bat du gordea: «Etxebizitzak dauden tokian daude teilak; teilak badaude jendea dago eta jendea badago teilak daude». Herri inguruetako auzo eta herritarrak zaintzeko aldarria da.
Lasterketaren bi kategoriatan -emakumezkoetan eta gizonezkoetan-, lehenengo hiru sailkatuek jasoko dute Andreuk egindako garaikurra.
Izen ematea
Lasterketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago kronoak.com webgunean. Internet bidez, urtarrilaren 20a 11:00ak arte egongo da zabalik. Lasterketaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, horren aurretik 300 dortsaletara iristen ez badira behintzat. Egun horretan irteeran egotea ziurtatu nahi dutenek beraz, hobe dute aldez aurretik apuntatzea.
Izena emateko baldintza da 16 urtetik gora izatea. 18 urte bete ez dutenek baina, guraso edo tutoreek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute.
Izen emateak 15 euro balio du.
Ibilbidea ezagutu
Garingo lasterketa iritsi aurretik ibilbidea ezagutu nahi duten haiek, aukera izango dute igande honetan, hilak 14. Garingo plazatik abiatuko dira, 09:00etan.