Hitanoa hauspotzeko ‘Zopa’ lana taularatuko du Xirikarak urtarrilean
Estraineko emanaldiak abenduan egin zituzten Seguran. Atzoz geroztik sarrerak salgai daude Elorripe tabernan. Idiazabalen eta Berastegiren ere bai, momentuz.
Xirikara umorezko antzerki taldeak Zopa antzezlana taularatuko du hirugarrenez, urtarrilaren 21ean Segurako Botika Xaharren, 18:00etan. Sarrerak atzotik salgai daude Elorripe tabernan. Pandemia eta gero muntatu duten lehenengo antzezlana da Zopa. Umorea du ardatz lan berriak, baina, galtzear dagoen hitanoa hauspotzeko helburuz sortu dute.
Olatz Etxeberria Xirikara taldeko kideak azaldu duenez, barne bidaia bat kontatuko dute lanean: «Gaur egun horren bogan dauden erretiro espiritual horietako batera joango dira protagonistak. Baina erretiroa ez da uste bezalakoa izango. Sorpresak egongo dira».
Estreinaldi arrakastatsua
2014an sortu zenetik urtero taularatu dute antzezlan berri bat, gidoi propioarekin; baina pandemiaz geroztik eten bat egina zuten. 2022ko otsailean Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara taldeak hitanoa sustatzeko beka bat aterako zutela eta harremanetan jarri ziren beraiekin: «Segituan eman genien baiezkoa», dio Etxeberriak.
Bekaren diruarekin gidoilari bat eta zuzendari bat kontratatu zituzten. «Aste Santu ondorenerako gidoia prest zuen Mirari Martiarenak eta Idoia Uranga zuzendariarekin entseatzen hasi ginen». Abenduaren 3an, Euskararen egunean, bi emanaldi eman zituzten, «155 ikusle batu ziren emanaldi bakoitzean». Jende asko sarrerarik gabe geratu zen; hortik hirugarrena egitearena. Arrakasta «sekulakoa» izan zen, «ikusleek sekulako algarak» egin zituzten. Gainera, hitanoa lantzeko modua «erraza eta oso bisuala» dela aipatu zuten askok.
Seguran ez ezik, dagoeneko lotuta dituzte beste bolo batzuk ere, «Idiazabalen apirilaren 19an eta Berastegin urriaren 27an». Goierriko beste herri batzuekin ere egina dute kontaktua, oraindik data gehiagorik zehaztu ez duten arren. Xirikararekin harremanetan jartzeko helbidea: xirikara@gmail.com.