Korrika abiatzeko 64 egun
‘Harro Herri’ lemapean abiatuko da 23. Korrika Irundik, martxoaren 14an. Korrika denda zabalik dago Beasainen. Harrera erraldoia egiteko antolatzen hasteko deia egin du Goierriko AEK-k.
Atzera kontaketa hasi da. 64 egun falta dira euskararen aldeko ekimen herrikoi masiboenaren 23. edizioa abiatzeko, AEKk sustatuta. Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, martxoaren 14an. Harro Herri lemapean, Euskal Herriko bazter guztietara iritsiko da aldarria, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle. Hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan amaituko da, Lapurdiko hiriburuan. Han, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
Korrika denda Beasainen
23. Korrikak egingo duen ibilbidea ez dute ezagutzera eman oraindik. Aitor Aguado Garmendia Goierriko koordinatzaileak adierazi duenez, «oraindik pixka bat itxaron beharko dugu Goierriko kaleak noiz zeharkatuko dituen jakiteko». Baina hala izanda ere «antolatzen hasteko» deia egin du. «Egin diezagun inoizko harrera handiena Euskararen aldeko Korrikari», animatu ditu herritar guztiak.
Korrika iritsi bitartean, gauza asko egin daitezke. Batetik, Beasainen kokatuta dagoen dendara gerturatzea. Bertan, petoak eta banderolak eros daitezke, bestelako artikuluez gain (kamisetak, kirol-jertseak, txanoak…). «Ez utzi azken unera arte, segituan agortu ohi dira eta has gaitezen leihoak eta balkoiak apaintzen».
Beasaingo Kale Nagusian dago denda, Arrano tabernaren ondoan. Ordutegia ondorengoa da: ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan, 10:30etik 13:00etara. Bertaratu ezin duenak korrika.eus webgunean eros ditzake materialak. Online denda ere martxan dago jada.
Korrika laguntzaile
Babesa emateko modu desberdinak daude. Korrika laguntzaile egitea da beste bat. Aguadok azaldu duen moduan «oso erreza» da eta «abantaila mordoa» du. Astero, zozketak egingo dituzte laguntzaileen artean. Hirurehun sari baino gehiago banatuko dituzte. Oro har, Korrikaren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango ditu.
Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan, Aizu! aldizkariko harpidetzan, eta beste hainbat gauzetan. Eta, aldiro-aldiro, informazio guztia jasotzeko aukera izango da Korrika Laguntzaileentzako buletinaren bidez. «Eta garrantzitsuena, Korrikaren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera», borobildu du Aguadok.
Herrietako batzordeak «laster» hasiko dira bilerekin Goierriko koordinatzaileak iragarri duenez. Beraz, adi egoteko deia egin du.