2024 uzta berria dastatzeko Goierriko bost sagardotegiak
Goierrin, sagardo berria dastatzeko bost aukera daude: Legorretan Begiristain, Zerainen Oiharte, Altzagan Olagi, Ordizian Tximista eta Ataunen Urbitarte. Etxean egindako sagardoa eskainiko dute denek, ohiko menuarekin batera. Guztiek gomendatzen dute, aldez aurretik erreserba egitea, sorpresarik izan ez dadin. Jarraian, irekieran jasotako sentsazioak:
Iñaki Begiristain, Begiristain (Legorreta): «Sagardo berriak behar diren kalitatea, indarra eta gorputza ditu»
Legorretako Begiristain sagardotegiak abenduaren 13an ireki zituen ateak. Bertako arduradun Iñaki Begiristainek 2023 urteko uztaren inguruan adierazi zuen «oparoa» izan dela, sagar «asko» izan dela; dena den, «esperantza zen duela bi urte adinako uzta izatea, baina uda beroa izan da, lehorra izan da eta horrek egin du sagarra lurrera erori eta uzta moztea». Kalitate aldetik, «sagarra ona izan da beroarekin eta eguzkiarekin azukre maila egokia hartu duelako». Kantitateari dagokionez, «hemen, Goierrin 400.000 bat litro daude kupeletan, 150.000 bat litro euskal sagardoa da».
Bertan ekoiztutako sagarraren inguruan esan zuen, «hemen negu gogorragoak ditugunez eta udan bero handiagoa egiten duenez, izaera handiko sagarra» izaten dela.
Sagardoari dagokionez, aurreko urteetakoa baino «arinagoa eta alkoholez baxuagoak izan, behar diren kalitatea, indarra eta gorputza ditu» eta sagardozale guztiei luzatu die gonbita.
Maite Retolaza, Oiharte (Zerain): «Sagardo barietate handia dugu sagardozaleen gozamenerako»
Sagardo denboraldi berriaren aurrean «ilusioz eta pozik» dago Maite Retolaza Zeraingo Oiharte sagardotegiko arduraduna. «Aurten sagar asko izan da gurean, %100 euskal jatorri deiturako sagardoa egin dugu, eta guretzako oso kalitate onekoa eta aurreratua gainera».
Orain uztak emandakoaz gozatzeko momentua iritsi da, baina Retolazak ez du alde batera utzi nahi izan, sagardoa dastatzeko dagoen momentura arte egindako lan guztia. «Sagastiak zaindu, une honetan bost hektarea eta erdi ditugu ekologikoan etxe ondoan, eta landaketetatik hasi, kimaketak egin,…eta gero sagarra bildu,…urte osoko lana da!»
Oiharten izango duten eskaintzaren inguruan «sagardo barietate handia» nabarmendu du; «ekologikoa, premium, egurrez landutako kupeletako sagardoa, markesa,… sagardozaleen gozamenerako!».
Irekiera urtarrilaren 19an izango dute eta onena erreserba egitea da.
Jose Antonio Olano, Olagi (Altzaga): «Sagardotegi gogoz nabari dugu jendea eta ilusioz gaude»
«Sagardotegi gogoz nabari dugu jendea eta ilusioz gaude, enkarguak-eta hartzen hasiak gara, oso pozik gaude!» hasi da kontatzen Jose Antonio Olano Altzagako Olagi sagardotegiko arduraduna. Urtea luze egiten da, sagardotegi garai betea berriz laburra izan ohi da, eta erreserbak egiten ari da jendea, beraz, «ilusioz» hasi dute denboraldi berria. Urte osoan zehar irekita izaten da Olagi, nekazalturismoa ere badutelako.
Sagardo berriari dagokionez, «etxeko sagarrarekin egindakoa, ustez baino pixka bat gutxiago izan da», azaldu du. Mota desberdinetako sagardoa ekoizten dute, «ekologikoa, denominaziokoa,…».
Sagardo berriaz esan du «ahoa betetzen duena, zapore onekoa, gustu onekoa. berezia,…ona dago!».
Olagiko eskaintzari dagokionez, ostiraletan eguerdian hasten dira lanean, eta asteburuetan ere irekita dute. Gomendatu du, aldez aurretik deitzea «sorpresarik ez egoteko».
Aitor Esnaola, Tximista (Ordizia): «Sagardo desberdinen esperientzia bat izatea bilatzen dugu»
Denboraldi berriaren aurrean «ilusioz» dago Aitor Esnaola Ordiziako Tximista sagardotegiko arduraduna. «Egin ditugun sagardoek oso itxura ona daukate, eta urte guztian zehar egindako lanaren emaitza publikoak dastatzeko gogotsu gaude». Denboraldia ofizialki orain hasi bada ere, «abenduaren erdialdean uzta berria dastatzen hasteko moduan izan ginen», beraz, eguberritan Tximistara gerturatu zirenek sagardo berria edan zuten. «Jendeak asko eskertu du, gustukoa izan da eta asko pozten gaitu horrek!».
Ordiziako sagardotegian izango duten eskaintzaz nabarmendu du, «menu mailan, betikoa, kalitateari, genero onari eustea da erronka nagusia». Eta sagardoaz, «edukiko ditugu 12 bat kupela, eta gure koxka izaten da, desberdintasuna nabaritzea kupela batetik bestera, sagar nahasketa desberdinak izaten ditugu kupela bakoitzean, hala, jatera datozenek egiten duten zirkuitua sagardo desberdinen esperientzia bat izateko».
Demetrio Terradillos, Urbitarte (Ataun): «Lehenengo urtea izango da kanpoko sagarrik ez dugula sartu»
«Berritasunekin» dator Ataungo Urbitarte sagardotegia, eta horrek, hasi berri den denboraldiari «ilusio bereziarekin» heltzea sortzen dio Demetrio Terradillos bertako arduradunari: «Lehenengo urtea izango kanpoko sagarrik ez dugula sartu, den-dena Goierriko sagardoa izango da». Sentsazioak «onak» dira.
Lortutako produktuaren kalitateari buruz «oso aromatikoa, besteetan baino mehexegoa, baino goxoa».
Kopuruari dagokionez, ez da sagardorik faltako, baina uste baino sagar gutxiago jaso dute, «galdu ere kilo dezente galdu ditugu, baina sagardo nahikoa izango da denentzat».
Gaurtik zabalik izango da eta «Goierriko eta kanpoko jende asko» espero dute. Asteazkeneten etena egiten dute, baina gainontzean irekita daude ateak. Astelehen eta astearte afaltzeko, eta gainontzeko egunak bazkaltzeko eta afaltzeko. Urbitarteko sagardotegiko menua dastatu nahi duten haiei erreserba egitea gomendatu die.