Aurtengo sagardoa «arintxoago» eta «alkoholaz baxuago» dator
Gaur egin dute Goierriko sagardotegien denboraldiaren irekiera ekitaldia Goierriko bost sagardotegiek, Legorretako Begiristainen. Paco Nadal bidaia kazetari murtziarrak ireki du txotx garaia.
Ireki dute Goierriko sagardotegien denboraldia. Gaur goizean, Goierriko Turismo Elkarteak antolatuta, Goierriko txotx irekiera egin dute Legorretako Begiristain Sagardotegian eskualdeko bost sagardotegiek: Begiristainez gain, Altzagako Olagik, Ataungo Urbitartek, Ordiziako Tximistak eta Zeraingo Oihartek. Sagardogileek azaldu dutenez, sagardo «arintxoagoa» eta «alkoholaz baxuagoa» izango da aurtengoa. Paco Nadal bidaia kazetari eta idazle murtziarrak ireki du txotx garaia. Nahiz eta sagardotegi batzuk urte osoan irekita egoten diren, urtarriletik maiatzera izaten da denboraldia. Hala, sagardotegi denboraldiaz bete-betean gozatzeko aukera izango dute goierritarrek zein bisitariek datozen lau hilabeteetan.
Sagardogileez gain, Iñaki Agirre Legorretako alkateak eta herriko udal ordezkariek, kazetariek eta Euskal Sagardoa elkarteko ordezkariak parte hartu dute ekitaldian. Hamargarren urtez antolatu du Goiturrek Goierriko sagardotegien denboraldiaren irekiera. Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu duenez, «sagardoaren inguruan sortzen den pakete turistikoa» bultzatzeko helburuarekin egiten dute ekitaldia: «Asteburu plana egiten duten bisitariek, sagardotegian otordua egiteaz gain, beste produktu turistiko batzuk ere kontsumituko dituzte asteburuko plana osatzeko. Guretzat sekulako aukera da».
400 bat mila litro
Legorretako Aulia-Eneako Begiristain sagardotegiak abenduan ireki zituen ateak, eta maiatzera arte eskainiko du zerbitzua. Iñaki Begiristain bertako arduradunak eman du 2023ko eskualdeko sagardo uztaren berri ekitaldian. Sagardo uzta «oparoa» izan da haren hitzetan, «sagar asko» izan delako. Esperantza bazuten orain dela bi urte bezain bestekoa izango litzatekeela, baina ez dira kopuru horretara iritsi. «Uda beroa izan da, lehorra izan da, eta horrek eragin du sagarra lurrera erortzea eta uzta moztea».
Kalitate aldetik, sagarra «ona» izan da, «eguzkiarekin azukre maila egokia hartu» baitu. Kantitateari dagokionez, berriz, 400 bat mila litro izango dituzte Goierriko kupeletan, horietatik 150 bat mila litro Euskal Sagardoa etiketari dagozkionak. Euskal Sagardoa egiteko 220 bat mila kilo sagar erabili dituzte, baina Goierrin «beste motatako sagarrak ere erabiltzen» dituzte sagardoa egiteko, Euskal Sagardotik kanpo.
«Izaera handiko» sagarra
Begiristainek azalduta, Goierriko sagarrak «neguan gogorragoak» dira. Udaran bero gehiago egiten duenez, «izaera handiko» sagarra izaten da, «eta muztioa ere hala izaten da». Nahiz eta aurtengo sagardoa arinagoa eta alkoholaz baxuagoa izango den, sagardogileak nabarmendu du horrek ez duela produktuaren kalitatean eragingo: «Bermatuta dago Goierrin sagardoak behar duen gorputza, indarra eta kalitatea izango duela».
Bidaien erdian, Goierrira
Paco Nadal kazetari eta idazlea izan da irekiera ekitaldian sagardoa dastatzen lehena. Egun, El Pais egunkarian idazten du bere bidaiei buruz, eta La Ser irrati katean ere aritzen da. Aurkezle lanak egin izan ditu zenbait tokitan. Hain justu, Goiturrek Fiturren aurkeztuko duen GR-283 Idiazabal Gaztaren Ibilbidearen bideoan azaltzen da murtziarra. Munduan han eta hemen ibiltzen da. Hegoafrika da bere hurrengo helmuga. Umoretik hartu du hitza gaurko irekieran, «jada erdi goierritarra» dela esanez. «Oinez ezagutu nuen Goierri, Idiazabal Gaztaren ibilbidean barrena. Euskal Herriko irudi tipikoa sinbolizatzen duten paisaiak dauzkazue hemen. Ohore bat izan da». Sagardoarekin izandako lehenengo kontaktua ekarri du gogora gero. Aiton-amonek Eguberrietan dastatzeko ematen omen zioten.
Erdi-txantxetan, sagardoak dituen onurak azpimarratze aldera, medikuak emandako errezeta irakurri du: «Edari aberatsa da, diuretikoa, arazgarria, azukre mailak orekatzen dituena…ezer hobeagorik ez sagardoa baino. Sagardoa edaten jarraituko dut niretzat edari zoragarria delako».
Deia goierritarrei
Nadalen ostean, eskualdeko bost sagardotegietako arduradunek dastatu dute sagardoa, baita kazetariek eta Iñaki Agirre Legorretako alkateak ere. Edaria ez ezik, sagardotegi menuko gutiziak dastatu ahal izan dituzte irekiera ekitaldira bertaratu direnek: txorizoa, bakailao tortilla edota txuleta.
Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Begiristain, Ordiziako Tximista zein Zeraingo Oiharte, denek ekoizten dituzte sagardoak, eta Goierrin, Euskal Herrian zein Espainiako estatuan saltzen dituzte. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren barruan, sagardo bereziak ere ekoizten dituzte bik: Oihartek Ama sagardo aparduna, Markesa sagardo ekologikoa eta izotzeko sagardoa; eta Urbitartek Saarte eta Jentilen Lurra kriantza sagardoak. Gipuzkoako eta Euskal Herriko gastronomia identitatearen barruan «garrantzia nabarmena» dutela azpimarratu du Niko Osinaldek, eta dei egin di goierritarrei «eskualdeko zerbitzu turistikoak kontsumi ditzaten», denboraldi irekieran egonda, bereziki sagardotegiak.