Goierriko 2024ko liburu azokek badute data: abenduaren 13tik 15era
Euskal Herriko zortzi azokak osatutako Doinuele elkarteak atzo jakinarazi zuen aurtengo egutegia. Lehenbiziko urtea abiaburu ona izan dela iritzi diote.
Lazkaoko euskal liburu eta disko azoka barnean duen Doinuele elkarteak atzo errepasatu zuen, Donostian, sortzetiko lehenbiziko urtebetea. «Euskara hutsezko eta izaera anitzeko zortzi plaza aberats Euskal Herrian urte osoan» eskainiko ditu ekimenak, zortzi azokaren bidez.
Orain dela urtebete elkartu ziren Doinuelen Euskal Herriko zortzi azokaren antolatzaileak. Guztien artean Lazkaokoa da antzinakoena, 35 urte bete baititu abenduko ferian. Joxepa Madariaga joan zen Donostiako ekitaldira, haren izenean.
Balorazioa eta egutegia
2023ko lehen ekitaldiaren balorazioa egiterakoan, abiaburu positibotzat jo dute iazko urtea: «Elkarrekin ikasi egin dugu, elkarri lagundu egin diogu eta gutako bakoitza indarra hartuta, osasuntsuago gatoz aurten».
Aurtengo asmoen berri ere aurreratu dute. Goierriri dagokionez, Lazkaoko eta harekin elkarlanean aritzen diren Segurako eta Ataungo liburu azokak abenduaren 13tik 15era izango dira.
Doinueleko partaide diren beste azokak Baztango (H)ilbeltza (urtarrilak 22-28), Azkoitiko Geure Gelatik (apirilak 13-15), Zarauzko Literaturia (maiatzak 24-26), Ziburukoa (ekainak 1), Hernanikoa (urriak 5), Sarako Ikusi Mikusi (urriak 11-12) eta Galdakaoko Sormene (urriak 30) dira.