Goierrin hitanoaren erabilera sarria baina egoera erdipurdikoa da, inkesta baten arabera
Eskualdean inkestari erantzun dioten herrietatik, hikako hizketa-moldeak egoera ona udalerri bakar batean ere ez duela ondorioztatu dute. Erabilerari dagokionez, herri gehienetan "sarri" erabiltzen dela uste dute, baina batere ez edo batzuetan bakarrik diotenak ere ia beste horrenbeste dira.
Eibarko Badihardugu euskara elkarteak –Ahotsak ekimena eta webgunea kudeatzen du–, Hitanoaren erabileraren ikuspegi orokorra inkestaren datuak argitaratu ditu. Tartean Goierriko 14 herritako erantzunak daude. «Hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zer nolakoa den jakiteko», 2022ko abenduan egin zuten inkesta. Euskal Herri osoko 287 herritatik 4.215 erantzun jaso zituzten (gehienak Gipuzkoatik, 3.000tik gora, %73,8). Lehen ondorioa, hitanoa udalerri euskaldunenetan erabiltzen dela: hamar erantzunetik sei udalerri euskaldunetatik heldu ziren.
Ondorioetan dioenez, hitanoaren egoera orokorra «ezin da esan oso ona denik». «Inkesta bete dutenen gehiengoak egoera eskasa edo oso txarra dela dio. Nokarena –emakumeei zuzentzeko egiten den hika mota– tokarena –gizonezkoei zuzentzekoa– baino okerragoa. Hala ere, bada itxaropenerako tarterik: hitanoaren gaineko interesa handia da eta herri askotan ari dira lagunarteko hizkera hori bizitzerritzeko ekimenak egiten. Gainera, badirudi garai batean izan zuen ospe txarra gutxitzen joan dela».
Inkestatuen %55,6k uste du bere herrian hitanoaren egoera oso txarra edo eskasa dela; ona, %11rentzat, eta erdipurdikoa %33,4rentzat. Nokaren egoera ona denik %5ek soilik uste du, eta galzorian edo galduta, %54k. Toka galzorian edo galduta dagoela, aldiz, %23k uste dute.
Herritarren %71,5ek ez du hitanoaren kontrako iruzkin negatiborik entzun, eta %57,8k bere herrian ondo ikusia dagoela dioEgoera onena euskararen arnasguneetan du hitanoak. Transmisioa bereziki etxean eta familian egiten da, kalean eta lagunartean ere asko. Eskolan, ia ezer ez.
Goierriko erantzunak
Goierrin, hitanoaren egoera «ona» denik ez da herri bakar batean ere esan. Desagertzeko zorian ikusi dute Mutiloan eta Altzagan, eta egoera eskasean Itsasondon eta Legorretan.
Egoera erdipurdikoa du Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zerain, Zegama, Segura, Idiazabal, Ataun, Lazkao, Zaldibia eta Araman.
Hitanoaren erabilerari buruz, berriz, honako pertzepzioa dute inkestatuek. “Inoiz ez” dela erabiltzen uste dute Mutiloan, Itsasondon, Lazkaon eta Altzagan. “Batzuetan” bakarrik Zegaman eta Legorretan; eta “sarri” Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zerain, Segura, Idiazabal, Ataun, Zaldibia eta Araman.
Artikuluan aipatzen ez diren herrietatik ez dute erantzunik jaso, edo ez da inkesta egin (Gaintza, Ormaiztegi / Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Olaberria, Beasain, Ordizia).