Igartubeitik Europako ‘Patrim 4.0’ proiektuan parte hartuko du
Datozen hiru urteetan garatuko da proiektua. Irisgarritasuna, erakusketak eta kultur programazioa hobetzea daude, helburuen artean.
Igartubeiti baserri-museoa Europa mailako Pirinioetako kultura-ondarearen berrikuntzako eta sormen-kudeaketarako sareko kide da 2013az geroztik, Frantziako eta Espainiako beste 14 bazkiderekin batera. Programa honen baitan, Patrim 4.0 proiektua garatuko da datozen hiru urteetan, eta Igartubeitik bat egin du ekimenarekin. Museoak «irisgarritasuna, erakusketa eskaintza eta kultur programazioa hobetzea» aurreikusten ditu proiektuaren partaide gisa.
Patrim 4.0 proiektuak «1.364.663 euroko aurrekontua du» orotara; horietatik «887.030,70 euro» EGEF delako diru funtsetatik bideratuko dira.
Hiru ekimen nabarmen
Datozen hiru urteetan garatuko diren ekimenen artean hiru nabarmendu dituzte Igartubeititik; «Artisten egoitzen deialdia; ondarea —kulturaren eta ingurumenaren iraunkortasunaren ikuspegitik ulertuta— tokiko ekoizleekin eta artisau ekoizleekin lotzen dituen dinamizazio ikastaroak garatzea eta ondareari eta kultur nortasunari lotutako kalitate ikur bat sortzea».
Aipatutako ekimenen parean, «irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko» proiektuak ere lehentasunezkoak izango dira. Digitalizazioa eta familian oinarritutako ekimenak ere garrantzitsuak izango dira.